Urte aldaketa edo aldaketa urtea?

Erabiltzailearen aurpegia Alaitz Eskudero Bergara 2019ko urt. 13a, 14:00

Urte berria hasi orduko, joandako urte bukaeran egindako zerrendari begirada bota dio; mahats bakoitzeko promesa bat: Kirol gehiago egin, Yogako klaseetan izena eman (eta hauetara joan, noski), ingelesa ikasi, bidaiatu... dozena bat, alajaina! Zer borondate eta asmo on pila!

Duela hilabete batzuk mugikorretako pantailari begira malkoren bat isuri zuen Ruaviejako spot sonatu hura ikusitakoan. Zin egin zion urte berrian denbora gehiago eskainiko ziola lagunekin egoteari, eta halaxe idatzi zuen kuadrillako Whatsapp taldean: ”elkartu behar dugu!” baina oraindik ez du tarterik hartu beraiekin planen bat egiteko. Hain lanpetua dago!

Urteak daramatza urte berriko asmo oneko zerrendak egiten, baina oporrak eta ospakizunak bukatu bezain pronto, koaderno zaharren batean ahaztuta gelditzen zaizkio promesak. Eguneroko errutinan murgilduta, pilotu automatikoa jarri eta egunerokotasuna pentsatu gabeko ekintza zerrenda zurrunbiloaz beteko du. Ez dago guztiz gustura, baina zergatik aldatu? Azken finean, horixe da hobekien ezagutzen duena: bere eskubideak bermatzen ez dizkion nagusia, lanerako bidean egunero topatzen dituen auto-ilarak, bikotekidearekin aldiro izaten dituen eztabaidak eta eguna denari buruz kexatzen pasatzen duen laguna. Ez dira onenak, baina txarrak ere ez. Konformatzean dago gakoa.

Akaso konfort-gune (konformatze-gune) horretatik atera eta zirt edo zart egingo balu, ohartuko litzateke, bizitzak sorpresa asko dituela gordeta.  Ezaguna dugunetik haratago, ametsak egia bihurtzeko tresnak topa daitezkeela. Bidaiatu, jende eta kultura berriak ezagutu, tarteka beldurra sentitu eta hau gainditzeak, hazi eta hezi egingo duela, pertsona nahiz gizarte aberatsagoak lortzeko. Aldaketak lortu nahi baditu, ordea, hauek barrutik etorri beharko dute, eguneroko ekintzetan ematen diren eraldatze ttikietatik.

Urtea joan eta urtea etorri promesa zerrenda berarekin segitu edo urtetik urtera zerrenda berritu, hortxe dago koska. Lehengoan segitu edo aurrera egin.

Eta zuk? Urtea soilik zenbakiz aldatzen ikusi nahi duzu, edo zerorrek aldatuko duzu zure urtea?

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun