Ezkutuko lanetan oporrik ez

Erabiltzailearen aurpegia

Ailegatu da iraila eta honekin batera bukatu dira gehientsuenon oporrak. Hilabete bateko oporrez gozatu ahal izan dute batzuek, eta aste bateko oporrak izan dituztenak marmarti mintzo dira bi hilabeteko oporrak dituztenei buruz. Bata zein bestearentzat, horixe dira oporrak: lanik egin behar izanik gabe, urte guziko lanaren ordainetan, sosak gastatzeko aitzakia bikaina.

Denek modu desberdinera antolatzen dituzte aisialdiko egun hauek: batzuk hondartzara joan dira, besteak mendira. Atzerriko leku exotikoak bisitatzea maite dute askok. Urtero helmuga berbera aukeratzen dutenak ere badaude, eta baita herria zaintzeaz arduratzen direnak ere.
Opor ala ez opor, inork galdu nahi ez dituen egunak izaten dira herriko festak. Santuren baten izena aintzat hartu eta bost bat egun eta gauez ikuskizun, dantzaldi eta musikaz gozatzeko aukera izaten dugu. Ederra da etxean egitaraua jasotzen dugun eguna («ea zein egunetan jarri dituzten entzierroak», «ea ze bertsolari datozen aurten?», «ze krixto, aurten Mariatxirik ez?»...). Kexak aparte utzita, zeinen gustura jazten ditugun festei dagozkien koloredun arropak, aspaldi ikusi gabeko lagunekin elkartu, musikaz gozatu eta dantza egin, herri-bazkarian ito arte jan ea edan…
Ederrak dira festak. Baina banago, egitan ez ote garen konturatzen batzuk egun hauez gozatzeko, gutxi batzuk zenbat lan egin behar izaten duten.
Hilabete batzuk lehenago, baten bat herritar guztien gustuko egitaraua osatzeko ideiak biltzen hasi izango zen. Norbaitek plazako musika taldeak prezio onean lortzeko bereak eta bi ikusi izango zituen. Zein arduratu ote zen txoznako txandak osatzeaz? Nork eskatu zituen gure kubatak hain hotz mantentzen dituen izotz koxkorrak? Herri-bazkaria prestatu eta zerbitzatzeaz nor arduratu da?
Eta etxean? Zeinek garbitzen ditu bezperako alkohol eta tabako kirasdun arropak? Zeinek prestatu du familia bazkariko otordua? Zeinek atondu ditu gonbidatuentzako oheak?
Lan horien guztien atzean izen-abizenak daude. Denok ezagutzen ditugu, baina gutxik dakigu zer nolako festak genituzkeen ezkutuko langile nekaezin horiengatik ez balitz. Benetan festetako parte izan nahi badugu, ez al genieke ezkutuko lan horiei ikusgarritasuna eman beharko? Bakoitzak gure partetik pixka bat emanez gero, ez al ginateke denak gusturago eta lasaiago ibiliko? Festetan ikusle soil edo parte-hartzaile izan nahi dugu?
Beldur naiz, lan banaketa eman ezean, berandu baino lehen ezkutuko langile hauek ez ote dituzten behin-betiko oporrak hartuko. Eta orduan bai, herriko festak ja-jai!

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun