Aisa

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Almandoz Larralde 2019ko abe. 12a, 17:30

Aurtengo azaroko euriak uhandituak utzi dizkigu bazterrak. Erortzeak nonahi. Natura bera orekatzen da, guk aunitzik entenditu ez arren. Orekak dena bere onera ekartzen digu, muturretik muturrera dabilen bitartean. Gizakiok ere oreka bila ote gabiltza? Muturretik muturrera, zenbaitzuetan muturka ere. 

Azkenaldian, harritua nago dabilkigun ibilerarekin. Eskubide eta betebeharrak gero eta urrutiago ditugu. Hegalak hartu ditugu, mugarik gabe utzi gaituztelako. Ardurarik ez dugu nahi, ondokoaz gaizki erranez, gure ongizatea bertzeei ez betetzea leporatzeko abilezia latza gailendu zaigulako. Esne gainetan hezi gaituztelako akaso? Edo auzokoaren lanak gure etxekoak baino errazago zaizkigulako. Edozein gisara, oreka bila gabiltza. 

Gizartea eraldatzen ari da, ari gara. Sekulako martxan, sentitzeko astirik gabe buruak agintzen digu, bihotzik gabeko gorputz hotzak bagina bezala. Beharbada, batzuentzat agudoegi doa afera. Eraldaketa horretan ustezko eboluzioan inboluzioan ez ote gara? 

Gauzak plazeretik egiteari utzi diogu, ingurutik jasoko dugun sariaren men. Orekatik urruti, erraz edo zail suertatzen da dena, aspaldi ez dut aisa egiten dugunik sumatzen. Gustura aski aritzeak zentzua galdu du, erraza erakargarriago baitzaigu, akaso eboluzio honek plazeretik aritzeko ez gauza bilakatu nahi gaituelako? 

Marija Gimbutasek jainkosen lengoaia liburuan jaso bezala, ´ernatzeko premia dauka gizakiak eta eraldatzekoa. Inoiz baino premia handiagoa dugu gure emetik ernatzeko, oreka, armonia eta ama lurraren ongizatearen bila, naturak emaniko sortze gaitasunekin bat. Oraindik, ordea, inbasio maskulinoaren bulkadapean gara, gure egiazko herentziatik urrutiª.

Auzoko behia erkin dago, hark bai jakin eztula erraza edo zail izan behar, bere senari segituz aisa umatuko baita. Gu ere aziendaxeago bagina akaso zentzua emanen genieke galtzen ari garen hitzei, akaso entenditzeko gauza ginateke azaroan bota dituen parrastadak. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun