Amak emetik emana

Erabiltzailearen aurpegia

Mundura etortzeko gure ama bi pusketan banatu zen, erditze momentutik aitzinera. Fisikoki bere barnean hazi eta egin ginen, bere bihotzak desira eta ilusioz gure zelula bikoizketa eragiten zuen bitartean, bere ikara eta itzalekin bat. Belaunaldiz belaunaldi, arbasoen memoria zelularra ere gure baitan zen amaren sabeleko uretan bilduak ginela.

Mundura argitzearekin bat, gure arnas aparatuaren lehertzearekin bat lehenbiziko garrasia. Lehenbiziko balakoa, begirada, hitza, lehenbiziko maitasun historia amarekin eratu genuen, gerora behin eta berriz errepikatuko genuen maitatzeko modua ikasiz, gure barrenean arrastoa utziz. Amarekin eratutako loturaren baitan eratuko baitugu gerora bizitzarekiko izanen dugun hartu-emana. Amaren begiratuan, maite-maitean, usaian, bagara, ez dugu bertze erreferentziarik ezta bertze heldulekurik ere behar. Berak ematen digunaren neu- rrian eratzen ditugu gure izatearen ziurtasuna, gauza izate sentsazioa, maitatzeko era eta nola ez, bizitzeko era edo bizitza gozatzeko gauza izatea. Lehenbiziko momentuetan eratzen dugu sarri beharko dugun gauza onen erreserba. Sagarrak ganbaran gordetzen diren gisara; negua ailegatzean usain samin eta goxoarekin irauten dute, baina azala zimurtu arren mamia guri-guria izanen dute. Gure gisara, azala zimurtzen hastean, barrenak guri, bizi, daudela oroitaraziko digu bihotzean gorde dugun gauza onen erreserbak.

«Emateko gauza garen bitartean amalurrak ere emanen du berea»


Amaren pentsamenduarekiko fidelak gara, berak gugandik espero duen guzia egiteko prest, eta onez-on edo bere beldurren itzalean uspeltzeko prest. Zernahi egiten baitugu maitasuna sentitzeko. Sentitzeko gaitasuna, berriz, berezkoa zaigu, gure alderdi emeak duen esentzia baita. Denok gure baitan dugun emeak ematen digu maitatzeko gaitasun hori, desiraz eta ilusioz emateak sortzen duen plazer huts horrek sentiarazten duen sentsazio hori.
Inoiz mendi altu batean, etxetik urruti, pausuak eman arren harriekin batera lurrera erortzen zarela sentitzen duzunean, ondora begiratu eta harrien artean lore more ttiki bat agertzen denean arnasten hasten zara. Lore hori lurrik ageri ez den inguruan bizi da. Une horretan konturatzen zara, zu ere beldurrak eta itzalak azala zimurtu arren, harri tartetan lore horren gisara bizi zarela. Behin eta berriz lurrean arrastaka denbora franko pasatu arren, altxatu, eta kaskora ailegatzen ahal zarela, gelditu gabe eta gozatuz, gauza onen erreserbari esker.
Deus ez denez betiko, ganbarako sagarrak ere noizean behin berretzea komeni. Urte guziak ez dira sagar urteak izaten, baina naturak gu baino gehiago daki. Bakoitzari berea, batzuetan sagar gorrixka ederrak eta bertzeetan harrak joak. Emateko gauza garen bitartean, amalurrak ere emanen du berea. Eman diguten guzia eskertu bertzerik ez dugu, eskertzeak gure emea goxatzen baitu eta esker onak gure ganbarako sagarrak behar bezala onduko ditu, azala zimurra izan arren, barrenak guri-guri, bizi-bizirik iraun dezagun. 

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun