Espezieen inbasioa, biodibertsiatearen galera

Erabiltzailearen aurpegia

VIPBES-ek, Biodibertsitate eta Ekosistemen Zerbitzuei buruzko Gobernuarteko Plataformak, gizateriaren historian inoiz gertatu den naturaren degradazioa handiena ematen ari dela argitaratu eta horren ebidentziak azaldu ditu. Munduan milioi bat inguru animalia eta landare espezie daude galtzeko arriskuan eta anitz hurrengo hamarkadetan desagertu daitezke.

Honen erantzule gu gara, Homo sapiens espeziea, munduan dauden milioika  espezietako bat, ez bertzeak baino garrantzitsuagoa. Gure jarduerak eragile zuzenak dira munduko espezie guziak, gu barne, arriskuan jartzeko. Gai hauetan adituak diren 400 bat pertsonek sailkatu egin dituzte naturan aldaketa eragiten duten bortz eragile zuzen, horietako bat garraiatzen ditugun espezie exotiko inbaditzaileak izanik. Horien adibide garbiak baditugu inguruan; panpako belarra, sasiakazia, tximeleten zuhaixka, liztor asiatikoa, koipua...
Aipatutako espezieak eta bertze hainbat estatutako zein erkidegotako Espezie Exotiko Inbaditzaileen Katalogoetan daude barneratuta, baina inbaditzaile guziak ez daude katalogo honetan. Zergatik?

«Biodibertsitatearen galera ekiditeko erantzukizuna denona da»


Eukaliptoa da adibide bat. Nahiz eta gure eskualdean ez den espezie arrunta, bizilagun ditugun erkidegoetan arazoak sortzen dituen landarea da. 60ko hamarkadan gobernuak espezie honen landaketak gomendatu eta diruz laguntzen hasi zen eta denbora aski gutti behar izan zuen eremuak kolonizatu eta arazoak sortzen hasteko. Eukaliptoa estatuko Espezie Exotiko Inbaditzaileen Katalogoan sartzeko zenbait ahalegin egin dira orduz geroztik, baina «zerbaitek» zerrenda horretatik kanpo utzi du beti. Azken ahalegina 2017an izan zen, Ingurumen Ministerioaren Batzorde Zientifikoak txosten bat egin zuen eukaliptoa Katalogoan barneratzea aholkatuz, eta adituak diren batzordekide guztiek aho batez adierazi zuten horrekiko adostasuna. Hala ere, Ministerioak berak baztertu egin zuen bere Zientzia Batzordeak adierazitakoa, batzorde honek «iritzi pertsonal eta politikoak» zituela erranez.
Kontua da, erantzun hori emateko ministerioak pertsona bakar bat kontsultatu zuela, hain zuzen ere mendi-ingeniaritzan doktore eta katedradun den pertsona bat, baso genetikan egindako lanagatik ospetsua dena eta eukaliptoekin lan egiten duena. Beraz, inbasio biologikoetan adituak diren hainbat pertsonek prestatutako txostena alde batera utzi eta pertsona bakar batek emandako iritzia kontutan hartu zen. Azken finean, pertsona gutti batzuen interes ekonomikoetan oinarritutako erabakia izan zen, bertze hainbatetan bezala.
Biodibertsitatearen galera ekiditeko erantzukizuna denona da, baita lau urtero (eta azken aldian maizago) aukeratzen ditugun politikariena ere, norbanakoen interesak alde batera utzi eta guztion aldeko interesak defendatzea baita beraien eginkizuna.

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun