Barne bidaia

Erabiltzailearen aurpegia

Negua, iluna, grisa, euria, tristura, desatsegina, barrua, pijama, sua, hibernazioa, hotza, bakardadea, tximinia usaina, bakea, ttikia, etxeko goxotasuna, hutsala... kontzeptu horiek aipatu dira lagunartean neguari buruz solas egiterakoan.

Urtero bezala, negua ailegatu da, hori baita bizi zikloa, oraingoz aldatu ezin dena, eta barrurako bidaia egiteko momentua sumatu dut gorputzean. Aspaldidanik galdua du gure gizarteak sen hori; naturarekin orekan eta berekin batera garatzea ideia hutsala dirudi, eta horrela, gehienok, gure bizitzako bidaia kanpora begira, kontsumismoan, kapitalismoan, heteropatriarkatuan, bertzeen zer erranetan eta sare sozialetan oinarrituz egiten dugu.
Natura jakituna dela jakina da. Natura neguan gelditu egiten da, barrura sartzen da. Animalia anitzek, hibernatu egiten dute; gordelekua neguko loaldirako prestatuta denbora pasatzen uzten dute, baimena ematen diote gorputzari «deus» ez egiteko, edo hobeki erranda, bizirauteko minimoa egiteko. Tarte horretan mantsotu egiten dute bizi erritmoa. Zuhaitzek ere gisakoa egiten dute, beren barne jariakinak sustraietara eramaten dituzte eta lotan geratzen dira, lurrean zutik biziraunez, udaberriarekin batera kanporako edertasuna agertzeko.
Gure kulturan, ordea, pertsonok naturari bizkarra eman eta eskua luzatu diegu gizakiak jarritako arau eta sinesmenei. Hagitz barneratuta dugu «deus» ez egitea denbora galtzea dela. Denbora, gizartean hain preziatua den denbora! Ez diogu geure gorputzari egonean egoteko baimenik ematen, ez ditugu geure bizi erritmoak eta beharrak errespetatzen eta beti aktibo eta prest egon behar dugu zerbait egin eta ongi sentitzeko. Norberak beretzako denbora hartzea ezinbertzekoa da, nahiz eta ez den gugandik gizarteak espero duena, ezta guk geuk gugandik espero duguna ere.
Marcela Serrano idazle txiletarrak bere eleberrietako batean neguari buruzko irakurketa hau egiten du: «El invierno no pretende consolar pero, a fin de cuentas, yo siento que consuela porque una se hace un ovillo sobre sí misma y se protege y observa y reflexiona y creo que solo en esta estación se puede pensar de verdad» («Neguak ez du kontsolatzea nahi, baina, azken finean nik kontsolatu egiten duela sentitzen dut. Izan ere, norbera bere baitan uzkurtzen da eta babestu egiten du bere burua, eta behatu egiten du, eta hausnartu egiten du, eta soilik urtaro honetan pentsa daitekeela benetan uste dut»).
Beraz, negua hain gris eta ilun ikusten den momentu horietan, garaia baliatu eta barnera sartu, sentitu, jakin barnean duzun horrekin egoten, eta ahal izanez gero gozatu zeure barne bidaiaz.

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun