erran.eus

Baso gorri

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

Ez hain aspaldian Beratik Sarara haritz eta pagoen baso artetik joan zitekeela aditu nuen ostatu batean. Ezinezkoa gaur egun!

Udako azken egunak eta udazkeneko lehenak aprobetxatuz, hainbat mendi buelta egin ditut egunotan, eta begibistakoa da nola aldatu den gure mendi ingurua, zoragarri bihurtzen da udazkeneko kolore bizi eta anitzekin, baina ez naiz horretaz ari, ez!


Aurten uste baino lehen hasi dira inguruko basoak gorritzen eta ez dute ohiko zuhaitzek ekarri, baizik eta Intsignis pinuak, berez gorritzen ez den zuhaitzak. Bertakoa ez den arren, azken 100 bat urteetan Euskal Herriko mendi anitzetan, Nafarroa iparraldeko gure mendietan, adibidez, ohikoa den Intsignis pinua gaitzak jota dago.


Aspaldiko kontuak dira horiek, izan ere, orain dela 10 bat urte Fusariumak erasan zituen baso hauek, eta oraindik ere haren kalteak eta eraginak nabariak dira. Honi, azken urte honetan Lecanosticta acicola onddoa, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaian, anitz eta abudo zabaldu izana gehitu behar zaio, eta gure lurrak ez daude urrun, naturak ez ditu mugak ezagutzen.


Baso-jabeak kezkaturik daude, baso-landaketen balio ekonomikoa mantendu nahian ibilki dira, eta batzuk berriro ere intsignis pinua landatu dute, bertze batzuk, aldiz, abudo hazten diren bertzelako kanpoko espezieak aukeratzen ari dira, hala nola, eukalitptoa, Douglas izeia, sekuoiak edota Japoniako zedroa. Badago hala ere, bertako zuhaitzen aldeko apustua egiten duen lur-jaberik edo landatu beharrean, basoa bere kaxa etortzen uzten duenik ere. Argi dago hurrengo urteetan gure paisaia aldatu eginen dela, zein norabideetan ordea?


Baso-politikaren gaineko eztabaida mahai gainean jartzea beharrezkoa da, adituak honen gaineko erronkaz aritzea ezinbertzekoa, eta politikariek eta lur-jabeek, ingurumenaren eta biodibertsitatearen babesa bermatuko duten neurriak hartzea  antzinera pausua, baso landaketen balio ekonomikoa ahaztu gabe. Bertako espezieei bultzada bat emateak eragin positiboak dauzka biodibertsitatearen kontserbazioan, naturaren osasunean, baita herritarren osasunean ere, horregatik udalaren eskumenekoak diren herri-lurretan espezie anitzetako baso hostozabalen azalera handitzea, eta ez espezie bakarrekoena, eredugarri izan daiteke lur-jabe pribatuen eta edozein herritarren aitzinean. Gaixotasun hori gure basoak berreskuratzeko aukera moduan ikusi daitekeela erran dezakegu.


Zalantza anitz daude airean eta erantzunik gabeko hainbat galdera. Hala ere, espero dut gure ondorengoek, gure arbasoen moduan, Beratik Sararako bidea haritz eta pagoen hostozabalek ematen duten itzalpetik egitea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa