«Inauteriak herriaren identitatearen isla dira»

Erabiltzailearen aurpegia
«Inauteriak herriaren identitatearen isla dira»

Marijo Etxeberria, Goizuetan bizi den oiartzuarra

Aurkeztu zure burua.
46 urteko emakumea, sortzez oiartzuarra, Goizuetan gustura bizi dena eta orain bere osasunerako bizitza lasaiago hartzen saiatzen ari dena.

Zein zaletasun dituzu?
Kirolzalea izan naiz beti. Hori nire bizitzaren parte izan da. Horrez gain, ostiraletako pintxo-potean lagun eta familiarekin ibiltzea, musika entzutea... gogoko dut.

Inauterizalea al zara?
Beti izan naiz. Gazteago nintzenean gehiago gozatzen nituen, orain 14 eta 10 urteko seme-alabak ditudanez beste modu batera bizi ditut...   

Zer dira inauteriak zuretzako?
Herri bakoitzak bere identitatea erakusteko modua. Inauteriak propioak, berezkoak, dira: Oiartzunen, esaterako intxisuari buruzko kondairak dituzte; Goizuetan, berriz, zahagi-dantza...

Nola bizi dituzu egun horiek?
Egun guztiak dira bereziak baina astelehena dut gustukoen. Guraso eta haurrok gai jakin bat aukeratu eta horretaz mozorrotzen gara. Gure eguna izaten da: ekitaldiak, bazkaria... egiten ditugu. Haurren aitzakian ederki pasatzen dugu!

Antolatzen aritzen zara?
Egun horretarako prestaketa-lanetan bai. Mozorroak goizetik mendira joan eta ilunabarrera arte etortzen direnez astelehena bizitzeko zerbait antolatzeari ekin zieten eta horri eusteko lan egiten dugu.

Noiz hasten zarete prestaketetan?
Hilabete lehenago biltzen gara, gaia pentsatzeko. Gaia erabaki ondotik, astean bitan biltzen gara plazan jartzeko apaingarriak egin eta dantzak entsegatzen ditugu.

Gautxoria zara?
Izana. Orain eguneko parranda gehio gustatzen zait baina gaba luzatu daiteke...

Luzatzen denean... biharamuna...
Ahal den bezala. Gaztetan lo egin dezakezu baina guraso zarenean lo gutxi! Baina egin egiten da.   

Zer eskatzen diezu inauteriei?
Eguraldi ona; ez baita gauza bera mozorroentzat, mendira joateko: ezta guretzat dantza egiteko ere, euria ari badu frontoian egiten dugu eta...

Nola animatuko zenituzke Goizuetako inauterietara?
Hemengo hitza Umore Ona dela jakinta, bereziak dira, indar handia dute eta lan asko egiten dute.

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun