«Atautxi-amatxiei esker inauteriez gozatzen dugu»

Erabiltzailearen aurpegia
«Atautxi-amatxiei esker inauteriez gozatzen dugu»

Maria Larretxea, Iturenen bizi den legasarra

Aurkeztu zure burua.
Iturenen bizi den ama gazte bat naiz, sortzez legasarra.

Zenbatero joaten zara Legasara?
Ahal dudan guztietan ama eta aita bisitatzeko aprobetxatzen dut, batez ere asteburuetan. Igande gehienetan gurasoen etxera joaten gara eta haiekin bazkaltzen dugu.

Zer zaletasun dituzu?
Dantza aunitz gustatzen zait. Astean bitan zunba egiten dut eta aurten, sei urteren ondotik, euskal dantzak ikasten hasi naiz. Astean behin zortzi laguneko taldetxoa biltzen gara. Eskubaloia ere gustuko dut, baina duela hemezortzi urte, lesio bat tarteko, belauna operatu zidaten eta orduz geroztik ezin dut jokatu...   

Laster bai Iturenen baita Legasan ere inauteriak dituzu...
Legasako inauterietara ez naiz aspaldian joan; Iturenen berriz, hor bizi aitzinetik ere barru-barrutik bizitzen nituen.

Seme-alabak izan dituzunetik zertan aldatu zaizkizu inauteriak?
Orain ahal dudan otorduetara bakarrik joaten naiz. Baina egia erran, haurrak Iturengo eta Legasako amatxi eta atautxiekin uzten ditugu eta haiei esker gehienetan ahal izaten dugu. Lauei eskaintzen diguten laguntza eskertu nahi nieke.

Egunez edo gauez bizi dituzu gehiago?
Egunez gozatzen dut gehiago. Azken batean egun aunitz dira eta...

Mozorrotzen al zara?
Bai. Igandean alaba eta lagunekin mozorrotzen naiz; semea, berriz,  aitarekin ateratzen da joaldun. Astelehenean berriz kuadrillakoekin gosaldu eta mozorrotzen naiz. Egun haundia astelehena bada ere urtez urte igandeko giroa hobetuz doala erranen nuke...

Eta joareak, jantzi izan dituzu?
Joan den urtean asteazkenean jantzi nituen. Ordura arte inauterietan gauez baino ez nituen jantziak; eta errege bezperan, behin baino gehiago jantzi izan ditut.

Asteburuko plan ederrena?
Familiarekin egun pasa eder bat egitea plan polita da niretzako.

Legasako txokorik ederrena?
Bat aipatzekotan Santa Lokari ermita erranen nuke.  

Zerk egiten zaitu zoriontsu?
Ingurukoak  eta bereziki nire seme-alabak kontent ongi ikustearekin nahikoa dut.

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun