«Haurren aurpegietan irriak ikustean poza sentitzen dut»

Erabiltzailearen aurpegia

Joanes Echeveste, Sarako gaztea

Aurkeztu zure burua.
Ameslaria naiz eta pailazo izan nahi nuke. Ikusgarriak antolatzen ditut nire pailazoarekin; Pontx pailazoa da nire pertsonaia.


Zer zaletasun duzu?
Nire zaletasuna antzerkia da eta egunerokoan ikusgarriak antolatzen ditut, nire kabuz prestatzen ditut.


Non jantzi zenuen sudur gorria lehendabizikoz?
Nire logelan jantzi nuen lehendabizikoz, familiakoen edo telebistaren aitzinean euskal pailazoak –Pirritx, Porrotx eta Marimotots– imitatzeko. Hasieran pailazo ezagunen antzerkiak egiten nituen, nire hitzekin edo aldaketa ttipiekin. Jolas moduan hartzen nuen.


Zer ezkutatzen da sudur gorriaren gibelean?
Hamahiru urteko mutila, pailazo izatea amets duena. Niretzat plazerra da egiten dudana.


Jendeari pailazoa zarela erraten diezunean... zer erraten dizute?
Aunitzek ez dakite, sekretu bat bezala da, trufen beldur naizelako. Dakitenek ongi hartzen dute eta galdera ainitz egiten dizkidate. Animatu ere egiten naute.   


Zein da lanbide horri ikusten diozun alde onena?
Sormenerako bide emateaz gain, askatasuna eskaintzen dit. Bakarrik ibiltzen naiz, baina taldean ibiltzen direnek sortzeko muga zabalagoak dituzte. Gaur egun nahiko baloratua den lanbidea dela iruditzen zait baina gehiago baloratzeak ez lioke kalterik eginen.


Non eskainiko zenukeen emanaldiren bat gustura?
Leku guztietara joaten naiz gustura. Momentuz ez dut bertze emanaldirik baina laister aterako da.


Haurrak irriz ikustean zer sentitzen duzu?
Poza sentitzen dut, haiek alaitzea lortu dudalako.


Zerk egiten zaitu zoriontsu?
Aitzinera noala ikusteak eta zaletasun hori jendearekin partekatzeak.


Inguruko txokorik politena?
Sarako plaza, herriko bihotza; eta mendiak, horiek dira herriko bi politenak.


Zer du Sarak bertze herriek ez dutena?
Urte osoan alaitasuna eta besta giroa du. Niretzat herri bikaina da eta ez du deus ere falta. 

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun