erran.eus

«Herri ttikietako besta giroa berezia izaten da»

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

Iosu Altzuri Makuso, Aurtizko gaztea

 

Nor da Iosu Altzuri?
Aurtizen bizi den mutil gazte alaia, jendearekin egotea gustatzen zaiona.


Zer zaletasun duzu?
Bertzeak bertze, bizikletan edo motoan ibiltzea gustatzen zait.


Txistua jotzen ikusi izan zaitugu...
Gustuko dut udan amarekin inguruko herrietako bestak txistu doinuz alaitzea. Familiatik datorkit lotura, atautxi eta ama elkarrekin ikusten nituen... Sei-zazpi urte nituela atautxirekin txistua jotzen aritzen nintzen, jostaketan. Hamaika urterekin, bera eta Fermin zubietarra lagun, jo nuen lehendabizikoz, herriko bestetan.


Zer da errazago txistua jotzea edo joareekin erritmoa segitzea?
Ez dute deus ikustekorik, bakoitzak bere zailtasuna du, baina biak ere gustora egiten ditut.


Bestetan badute tarterik?
Joareei atseden hartzen uzten diegu, inauterietan gogotsu egoteko. Txistua bai jotzen dut. Aunitzek goizetan etxe ondotik pasatzerakoan esnatu ditudala erraten didate! (irriz).  


Zein da bestetako momentu politena?
Ortziralean egiten den herri-bazkaria, jendea gogotsu eta umoretsu egoten baita. Aurtengo bazkarian, gainera, bertsolari eta akodeoilariaz gain, mexikar-kantak kantatzen dituen abeslari bat izanen dugu.


Zein da Aurtizko besten berezitasuna?
Azaroan izateak badu bere xarma, nahiz eta eguraldiak ez lagundu... Hala ere, nire ustez herri ttiki guztietako besta giroa berezia da, aunitz gustatzen zait. Etortzera animatuko nituzke.  


Zer falta du Aurtizek?
Dagoen moduan utziko nuke, bertan gauden bezala kontent bizi gara.


Inguruko txokorik politena?
Bat aukeratzekotan, Mendaurko kaxkoa aukeratuko nuke, goititik dauden bistak arront politak baitira.


Zerk egiten zaitu zoriontsu?
Gutti aski dut. Nire inguruan daudenak nire konpainiarekin gustura egoteak egiten nau zoriontsu.  


Amets bat?
Amets aunitz ditut, bertzeak bertze, munduan dauden txoko bereziak ikustea gustatuko litzaidake.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa