«Gogoarekin eta esfortzuarekin dena lortzen da»

Erabiltzailearen aurpegia

Elixabet Lekuberria Gamio, Donamariako gaztea

Nor da Elixabet Lekuberria?
24 urteko Donamariako ama gazte, erronkazale eta alaia.

Zer zaletasun dituzu?
Ehiza. zaldiak eta txakurrak eta irakurtzea gustatzen zait.  


Nondik datorkizu ehizarako afizioa?
Ttikitan osabek eramaten ninduten eta orduz geroztik ahal dudan guztietan joaten naiz. Orkatz jaio arte ia astebururo joaten nintzen baina azken hiru urte hauetan gutti joan naiz. Koxkortzen denean gehiago joanen naiz, nirekin eramanen baitut.   


Askok ehizaren hoberena gosaria dela diote...
Hoberena ez dakit baina ehizara joan eta gosaldu gabe gelditzea bekatua litzateke.


Ikasketak eta semea, nola uztartu dituzu?
Pazientzia handiarekin... Ama beti laguntzeko prest egon da, ni klasean nengoen bitartean semea berarekin egoten zen. Azterketak ailegatzen zirenean, berriz, semea lokartzean hasten nintzen ikasten. Bi urte gogor izan dira, baina gogoarekin eta esfortzuarekin dena lortzen da.  


Besta ere alde batera utzia duzu?
Ederrak egin izan ditut baina orain nahiago dut afari eder bat egin eta mahai inguruan berandu arte egon. Lasaitu egin naizela erran daiteke.


Herrikoetan seguru ez duzula hutsik eginen...
Lehen barraren ondoan tragoak hartuz gustura egoten zen horietakoa nintzen, etxera erretiratzeko presarik izaten ez zuena. Orain, berriz, haurrentzat dauden ekitaldietara joaten naiz eta iluntzerako etxera.


Zer dute Donamariako bestek bertze herrietakoek ez dutena?
Elkartasuna, heldu eta gazteek sortzen duten giroa. Herri bazkariaren eguna da politena nire ustez, herritarrak elkarrekin ikustea eta guztien artean sortzen duten giroa ederra da. Halere, azken bizpahiru urteetan ez dut joaterik izan.


Inguruko txokorik politena?
Donamariak txoko polit aunitz ditu, bat aukeratzekotan Txaruta aldeko parajeak.


Zerk egiten zaitu zoriontsu?
Familia ongi ikusteak, beraiek zoriontsu badira ni ere bai!


Amets bat?
Momentu hauetan bizitzen ari garen injustizia guztia bukatzea.

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun