erran.eus

«Udan herrian xakean jokatzeko egun bat antolatu nahi dut»

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

Pino Vicedo, Aranoko emakumea

Aurkeztu zure burua...
Zeramikaria, marrazkilaria, tatuatzailea, sortzailea naiz. Gauza askok eragiten didaten ezinegona dela eta, arreta gauza bakarrera mugatzea zail gertatzen zait.


Beraz, zaletasun asko dituzu?
Bai, batzuk aipatze aldera: irakurtzea, marraztea, zeharkako-txirula jotzea, xakea...


Xakea aipatu duzu... Ekainean Gipuzkoako emakumezkoen txapelketan bigarren sailkatu zinen...
Ez nuen espero. Gipuzkoan emakume xakezale gutxi daude, baina batzuek ni baino dezente hobe jokatzen dute. 15 lagun aurkeztu ginen eta 5na partida jokatu genituen. Partida batzuek lau ordu iraun dezakete; horiek dira zailenak.  


Txapelketan aurkeztu zaren lehendabiziko aldia izan da?
Ez, lehendabiziko aldia joan den urtean izan zen. Baina aurten gehiago ginen eta zailagoa izan da.


Noiz hasi zinen xakean jokatzen?
Aitak txikia nintzela erakutsi zidan, baina egiazki jokatzen hiru urte daramatzat. Gipuzkoako Emakume Xakelariak taldean jokatzen dut.


Zein da jokalari ona izateko sekretua?
Sormena, kontzentrazioarekin batera, noski.


Zer eskaintzen dizu xakeak?
Nire indarguneak atera eta horiek jokoan txertatzen saiatzen naiz. Autoestimua, konzentrazioa eta memoria landu; eta jatorri zein adin askotako jendea ezagutu dut. Taularen aurrean denak parekideak gara, aurreiritzirik gabe jokatzen dugu.


Festetan ere xakean?
Deskantsatzeko eta familiarekin egoteko aprobetxatuko dut. Udan herrian xakean aritzeko egun bat antolatu nahi dut, baina segur aski ez da festetan izango.


Festetako momentu bereziena?
Azoka, zalantzarik gabe. Janari eta edarien bueltan giro ederra izaten da. Haurrek, gazteek eta helduok momentu beraz gozatzen dugu. Denak irriz gaude. Irribarreak gustatzen zaizkit.


Festen ondotik...
Udan txapelketa asko daude. Ahal dudan guztietan parte hartuko dut. Xakean hobetzeko maiz jokatzea garrantzitsua da.


Zerk egiten zaitu zoriontsu?
Nire familiak eta sormenerako dudan denborak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa