«Mendi lasterketetan oso gustura nabil azken aldian»

Erabiltzailearen aurpegia

Leire Baraibar, aresoarra

Nor da Leire Baraibar?
Geldirik egoten ez dakien aresoar 'setosa' bat.


Noiz hasi ziren mendi lasterketetan?
Duela lau urte hasi nintzen. Lehendik arraunean ibilitakoa naiz Orio eta Getariko arraun elkarteetan.  


Azken aldian punta-puntan zabiltza...
Oso gustura nabil aspaldian.Besteak beste ekainaren 2an  Euskal Herria Mendi Erronkan egindako lanarekin gustura nago. Lortutako emaitza horiek aurrera egiten laguntzen didate... Orain, ekainaren 24an, igandean, Zumaian egingo den Flysch Trailean parte hartuko dut.


Semea, lanak, lasterketak... Nondik ateratzen duzu denbora?
Zorteduna naiz, lanaldi erdia eta gainera asteburuetan egiten dudanez, astean zehar antolatzeko errazago daukat. Etxekoak ere hor egoten dira esku bat botatzeko.


Zumaiarra edo Zumaian bizi den aresoarra?
Nik argi daukat, Zumaian bizi den 'aisoarra' naiz.


Zer du Zumaiak Aresok ez duena?
Zumaiak itsasoa du baina Aresok lasaitasuna, batez ere udan asko eskertzen duguna.


Herrira maiz bueltatzen zara?
Ahal dudan guztietan izaten naiz eta laster ditugun festak ere aitzakia ona dira horretarako.

 
Zer da Aresoko festetatik gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien?
Kuadrillen eguna gustatzen gustatzen zait gehien, egun horretan sortzen den giroa ederra izaten da.Gutxien, berriz, ia urtero euria egiten duela. Ea aurten zorterik dugun!


Biharamunari aurre egiteko...
Areso inguruko edozein menditan itzuliren bat egitea aukera ona izan daiteke.


Zerk egiten zaitu zoriontsu?
Oso arrunta naiz, gutxi behar dut zoriontsu izateko. Etxekoekin edo lagunekin egun-pasa eder bat pasatzearekin, esaterako, nahikoa dut pozik egoteko.


Amets bat?
Hurrengo urtean Zegama Aizkorri lasterketan ateratzeko aukera ematen duen dortsal horietako bat izatea (irri artean). 

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun