«Egindako lana ez estimatzeak asko haserretzen nau»

Erabiltzailearen aurpegia
«Egindako lana ez estimatzeak asko haserretzen nau»

Arantxa Estanga, Labaiengo gaztea

Nor da Arantxa Estanga?
Labaiengo neska gazte, arrunt eta alaia.


Zer zaletasun dituzu?
Denbora librea liburu on bat irakurriz, trikitixa astinduz edo lagunekin kontu kontari pasatzea gustatzen zait.  


Zer egiten duzu egunerokoan?
Iaz bukatu nituen optika eta optometriako ikasketak eta orain Iruñeko optika batean ari naiz lanean. Zorionez, optika eta klinika asko eta optometrista gutxi daude inguruan ditugun hiriguneetan... Nagusiak ez omen ditu langileak berehalakoan aurkitu.  Sektorean lana bada momentuan eta etorkizunean ere izanen dela uste dut.


Herriko dantza taldean parte hartzen al duzu?
Ez, pena handia badut ere ez dut parte hartzen. Hasi nahi nuen, baina iaz ikasketengatik eta aurten lanarengatik ezin izan dut entseguetara joan...


Beintza-Labaiengoa edo Malerrekakoa sentitzen zara?
Bietakoa. Baina, bat aukeratzekotan Beintza-Labaiendarra naiz, dudarik gabe! Nire herria maiteago dut.


Zerk egiten zaitu zoriontsu?
Ni ongi egotea eta ingurukoak pozik egotea nahikoa dut zoriontsu izateko.


Gorroto duzun zerbait ba al duzu?
Gorroto, gorroto... ez dakit. Egindako lana ez estimatzeak asko haserretzen nau...


Nora bidaiatuko zenukeen gustura?
Australiara. Ttikitatik izan dut bertara joateko eta han oporrak luze eta lasai pasatzeko gogoa.


Urrutira joan gabe inguruan ere izanen dituzu txoko politak...
Leku saila badira politak... Baina bat aipatzekotan, Gorako kaskoa esanen nuke, herritik hurbil dago eta bertatik ingurua hagitz ederra ikusten da.


Asteburuko plan ederrena?
Astea Iruñean pasatzen dudanez, asteburuan herrira joan eta lagunekin elkartzea gustatzen zait. Herrian bada, edozein plan izaten da ona.


Amets bat?
Munduko txoko asko ezagutzea. Turistikoak diren herri eta hiri ezagunez harago, horren ezagunak ez diren gune ederretako toki miresgarriak ezagutu nahi nituzke.

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun