Nafarroako Gobernuak premiazkotzat jo du Lesakaren eta Eurovelo sare europarraren artean bizikleta-bide bat eraikitzeko ondasunak desjabetzea

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 28a, 08:00
Ladis Satrustegi alkatea, Nafarroako Gobernuko ordezkariekin, bizibleta-bidea egiteko hitzarmena irailean sinatu zutenean.

Kilometro bateko luzera izanen du eta NA-4000 errepidearen eskuinaldetik igaroko da, Tomaseneko bordatik Bereauraino.

Nafarroako Gobernuak, atzoko bilkuran, Lesakaren eta Eurovelo bizikleta-bideen sare europarraren artean bizikleta-bide bat eraikitzeko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzea premiazkotzat jotzeko erabakia hartu du.

Bide berriak 1,07 kilometroko luzera eta 2,5 metroko zabalera izanen ditu, eta aldi berean bi bizikletarako pasabidea ahalbidetuko du. Trazatu osoa NA-4000 errepidearen eskuineko aldetik joanen da, Lesakatik Bereaura begiratuta. Lesakako hirigunera sartzeko Tomaseneko bordako biribilgunetik abiatuko da.

Bide berri hau proiektuaren eremuan txertatzeko helburuarekin, existitzen den bidea aprobetxatuko da, Onin ibaiarekiko paraleloa, eremu oihantsua zeharkatzen duena, dagoeneko existitzen den Eurovelo sarearekin konektatu arte, eta lehenengo tartea egokituko da errepidearekin, harekin galtzada partekatuz.

Ibilbideak bi tarte ezberdin barne hartzen ditu. Lehena, 0+000 pk-tik 0+465 pk-ra, berria izanen da, NA-4000 errepidearekiko paraleloa izanen da, hegoaldeko bere marjinatik, Salbatore ermita inguratzeko errepidetik urruntzen den gune batean izan ezik. Bigarren tartea, Onin ibaiarekiko paraleloan joanen da eta dagoeneko existitzen den mendiko pista batean txertatuko da. Lanak, 2022ko martxoa baino lehen bukatzea aurreikusi dute eta hormigoi armatuzko pareta baten eta harri-lubetako pareta baten exekuzioarekin eta lursailaren saneamenduarekin osatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun