57 kirolari bildu ditu Irrisarrin Espainiako VIII. Disc Golf txapelketak

Marc López kataluniarra izan da garaile maila nagusian

Lehen aldiz Nafarroan jokatu da Espainiako Disc Golf Txapelketa, hain zuzen ere, Igantziko IrriSarri Landeko zelaian. Txapelketan Galizia, Madril, Euskal Herria, Katalunia, Cadiz eta Asturiasko elkarteetako jokalari onenek hartu dute parte, honako kategoria hauetan jokatu da: Emakumezkoentzako irekia, Sub-18, Sub-15, Master-a eta Grand Master-a.

Zortzigarren edizioa BAXI Basajauna Disc Golf (BBDG) Elkarteak antolatu du, CRK Disc Golf –en aholkularitzarekin. Espainiko Disc Golf Elkartearen (Asociación Española de Disc Golf (AEDG )) babespean eta Professional Disc Golf Association-ek (PDGA – Evento categoría XC) antolatutako torneoen parte izanen da.

Baxi Basajauna elkarteko Mikel Ibarrola doneztebarrak aipatu digunez, «Covid-19 dela eta azken orduan bakarren bat etorri ez bada ere, 57 kirolarik parte hartu dute txapelketan. Denak txoratuta gelditu dira hemengo parajeekin eta instalazioekin. Errate baterako, Kadizko Puerto de Doñana klubeko hamabi lagun izan dira Irrisarriko instalazioetan joan den astelehenetik, eta inguruko ostatu, aterpe eta jatetxeetan ere sumatu dute, kirolariekin batera, senideak eta lagunak ere etorri baitira”.

 

Mikel Ibarrola Nafarroako txapeldun da Master40 kategorian, baina Espainiako txapelketan ezin izan zuen goitiko postuetan ibili. «Gu hasiberriak gara –onartu du–, Oviedoko klubak, adibidez, urteak daramazkite jokatzen eta hori nabari da, kategoriako podioko postu guztiak beraientzat izan baitira. Halere, kontent gaude, Baxi Basajauna Jose Rouget Letamendia finalean sartu delako».

Ibarrolaren erranetan, «bizi dugun garai hauetarako kirol egokia da disc golfa, ez baituzu kontakturik bertze kirolariekin. Taldeka banatzen dira kirolariak, txandaka botatzen dute bakoitzak bere diskoan, kanpoan jokatzen da…». Alde horretatik, Irrisarrin udaberritik hasita Nafarroako lehen Disc Golf eskolarekin hastekoak ziren, baina Covid-19ren eraginez ezin izan dute hasi. Ibarrolak aipatu digunez, «proiektua hor dago oraindik, eta horretarako Baxi Basajauna taldean fitxatu dugu Iñaki Gonzalez Olaizola, Berako Toki Ona institutuko gorputz hezkuntzako irakaslea ere, berak gidatzeko eskola hori». Horretaz gain, kirola ttikienen artean ezagutzera emateko saskiak ere paratu nahi dituzte eskualdeko parketan, Doneztebeko Intzakardi parkean, erraterako.

 

SAILKAPENAK

MPO

  1. Marc López
  2. Manu Dominguez
  3. Rodrigo Sanchez

MASTER 50

  1. Luis Menendez
  2. Patxo Camarero
  3. Javier del Riego

MASTER 40

  1. Manu Almeida
  2. Raul
  3. Ismael Lana

MJ18

  1. Xurde Menendez
  2. Pau Segalés
  3. Dani Cipriano

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun