Lyme gaixotasuna duten gaixoen eta haien senideak biltzen dituen Alyme elkartearentzat, GR-11 ibilbidean, Hondarribitik Andorrarako bidea egiten hasia da Ibai Iturria Garmendia mendizale beratarra. Ortziralean abiatu zen eta 17 etapatan egiteko asmoa du. Gaur, astelehena, Auritzetik abiatu da eta Otsagabirako 34 kilometroak egitea izanen du helburu.
Ortziralean Hondarribitik atera ondotik, larunbatean Elizondora ailegatu zen. Atzo, igandea, Elizondotik Auritzerako bidea egin zuen. Ibai Iturriaren hitzetan, atzokoa «etapa gogorra» izan zen. 44 kilometro egin zituen eta bederatzi ordu eta 46 minutu behar izan zituen horretarako.