Euskal Herri osoko Disc-Golf zelai homologatu bakarra izanen du Irrisarri Land parkeak

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 12a, 19:30
Denboraldi berria aurkeztu dute Irrisarri Landen. Ezker-eskuin: Joxe Elgorriaga, Mikel Ibarrola, Baxi parkeko maskota, Marilo Carrillo, Javier Losada eta Iker Iglesias.

Igantziko jolas-parkeak martxoaren 16an emanen dio hasiera denboraldi berriari.

 

Martxoaren 16an, larunbatarekin, emanen dio hasiera Irrisarri Land parkeak bere seigarren denboraldiari, indarrak berrituta, ohiko filosofiarekin eta hainbat berrikuntzarekin. Seigarren denboraldia martxoaren 12an aurkeztu dute Marilo Carrillo parkeko zuzendariak, Joxe Elgorriaga gerenteak eta Mikel Ibarrola taldeen arduradunak. Aurtengo denboraldiko berrikuntza nagusia Euskal Herriko lehen disc-golf zelai homologatuaren irekiera da.

Gero eta jarraitzaile gehiago dituen kirol honetaz gozatzeko aukera eskainiko zaie parkeko erabiltzaileei: disko hegalaria eskuarekin jaurtiz, golfeko jokalariek bezala, zirkuitu bat osatzea izaten da helburua. Euskal Herriko lehen disc-golf zelaia da IrriSarrin eraiki dena. Estatuan, Oviedon (Asturias) eta Mijasen (Andaluzia) daude bertze biak. Joko-zelaiak 18 zulo (saski) ditu. Azken zulora, adibidez, 140 metroko distantziatik bota behar da diskoa. disc-golf zelaiak golfeko zelai baten antza handia du, eta Euskadisc Golf etxeak diseinatua eta sortua izan da.

Apirilaren 6an izango da irekiera, Maitena Ezkutari, Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritza zuzendari nagusiaren eskutik, eta harena izango da lehen jaurtiketa egiteko ohorea. Disc-golf kirolak bete-betean egiten du bat naturarekin, eta jokoan aritzeko behar den teknika erabat inklusiboa da, adin guztietako pertsonentzat egokia. Kirol honek sona handia du Europa iparraldeko herrialdeetan, Finlandian erraterako, eta Estatu Batuetan ere bai. Gure inguruan ere geroz eta jarraitzaile gehiago ditu.

 

Berrikuntza gehiago

Besarkaden basoa: ikaztegiaren eta tirolinen inguruan dagoen hamar akaziako baso hau shirin yoku filosofian oinarritua dago. Japonian du jatorria pentsaera horrek, eta pertsonen ongizatea bilatzeko bidean garrantzia handia ematen dio naturarekin harremana izateari. Itziar Mikelperizena artistak margotu ditu zuhaitzak, eta berrikuntza honek basoaren energia ezagutzera eta elkarbanatzera gonbidatu nahi ditu parkearen erabiltzaileak.

 

Rokodromoak taldeentzat (estalia eta kanpoaldean): IrriSarri Land-ek eskalada egiteko aukera eskainiko du aurtengo denboralditik aitzinera. Batetik, instalakuntza estalietan 2,5 metroko altuera eta 15 metroko zabalera duen rokodromoa eraiki da, haur zein helduek arnesik gabe goza dezaten. Bertzalde, kanpoaldean 3,75 metroko zabalera eta 5 metroko altuera duten bi panel bertikal ezarri dira, eta bakoitzak bina bide dituzte; hauetan eskalatzeko derrigorrezkoa da arnesa erabiltzea. IrriSarri Land-ek eskuragarri ditu eskola eta udalekuentzat arnesak eta segurtasunerako ekipamendua. Bi rokodromoak Hormaclimb enpresak egin ditu.

Berrikuntzak Bike Park-ean: Aurten Pump Track zirkuitua irekiko da, eta bertan, erabiltzaileek bizikletaren gainean gorputzaren inertzien teknika trebatzeko aukera izango dute. Instalakuntza berri honek 120 metroko ibilbidea du.

Aipaturiko berrikuntzak erabiltzaileen eskura egonen dira parkea ireki orduko, eta apirilean, bi espazio berri zabalduko dira: bolatokia eta minigolfa, Jolastokiko instalakuntzen ondoan.

 

Udalekuetan izena emateko epea zabalik

Taldeentzako jarduerei dagokionez, Basajaun Udalekuetan izena emateko epea zabalik dela ohartarazi dute. Udaleko tematikoetan bost modalitatetan banatzen da eskaintza: pintura, sukaldaritza, kaleko dantzak, bike-a eta askotariko ekintzak. Iaz, Bike eta Kaleko dantzen udalekuetan apuntatu zen haur gehien, askotariko ekintzen udalekuaren atzetik.

 

Egutegia

Aurtengo denboraldiaren egutegiari dagokionez, IrriSarri Land zabalik egongo da asteburu guztietan. Goi denboraldian, Aste Santuak (apirilaren 13tik maiatzaren 5era) eta udan (ekainaren 24tik irailaren 8ra) parkea egunero egonen da zabalik.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun