Hileta-elizkizunetarako kantari gehiago bila dator 'Bera Agur' egitasmoa

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 15a, 19:00
Berako Abesbatza kantari San Esteban elizan.

Abeslari taldea sendotu nahi dute Beran eta parte hartu nahi dutenek otsailaren 18an izanen dute bilera Musika Eskolan.

Gaur egun hileta-elizkizunetan abesten diren kantuak ikastea ez ezik, bi ahotsetara abesteko errazak izanen diren bertze batzuk ikasteko helburuarekin Bera Agur egitasmoa lantzen hasiak dira. Proiektu honekin bat egin nahi dutenek lehenbiziko bilera otsailaren 18an, astelehenean 19:00etan izanen dute Musika Eskolan. 

Abesbatzatik aipatu dutenez, ez da beharrezko solfeoa jakitea eta hileta-elizkizuetan kantatzeko prest daudenak gonbidatu dituzte, bertze betebeharrik eta loturarik gabe. Iñigo Arana Iñiguez herritarra izanen da organojolea eta berak bilatuko du bere ordezkoa, jo ezin duenean.

 

Taldea sendotzea

Gaur egun, hileta-elizkizunetan kantatzen urte aunitz daramazkiten abeslariak daude, baina batzuetan jende gutti izaten direnez, Altzateko elizan kantatzen dutenak ere sartuak dira taldean. Beraz, orain abeslari talde polita badago ere, hori sendotu nahi dute Bera Agur egitasmo honekin.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun