«Orain arteko diskoen arteko nahasketa da»

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 12a, 12:00

PETTI, Berako musikaria

Bonberenea Zuzenean bere azken lana izan du hizpide Pettik Ttipi-Ttaparekin. Baina euskal musikagintzaren inguruan ere aritu da. «Sortzaile eta talde aldetik, sektorea inoiz baino hobeki» ikusten du: «hori nabari da». Musika munduan aritzeko baldintzak, ordea, «txarrak» direla dio: «burokrazia aldetik bidea zaildu egiten dute eta zenbakiek ez dute gehiegi ematen». Bere iritziz, «hainbat proiektutan egonda posible da musikatik bizitzea, baina bakarrarekin ezinezkoa».

«Orain arte egin ditudan disko guztien arteko nahasketa ttiki bat da». Halaxe aurkeztu digu Pettik Bonberenea Zuzenean bere hamabigarren eta azken lana. Joan den urrian Tolosako Bonberenean zuzenean grabatu zuen eta abenduaren 3an atera zuen kalera. Azaldu digunez, duela hamar urte «zuzenekoan eta akustikoan» atera zuen Awañak diskoaren «ildo berekoa» da. Oholtza gainean eskainitako kantuen artean, «kuttunenak» aukeratu ditu, «baina bertze era batera landuak; akustikora pasatu ditut». Horietako batzuetan, trikitixa ere sartu du eta bi kanta ere sortu ditu, baita Manolo Urbietaren bertsio bat egin ere. Hala osatu du 14 abestiko diskoa. «Denbora faltak» prestaketa «mugatu» diola onartu digun arren, «gustura» gelditu da emaitzarekin. Are gehiago, bere lehenbiziko lanetik azken honetara garapena sumatu duela kontatu digu: «denborarekin diskoak eginez eta kontzertuak eskainiz ikasi egiten da. Bai gitarra jotzerakoan eta bai kantatzerakoan ere, lasaitasun haundiagoa sentitzen dut». Hala ere, «zuzenekoak egunaren araberakoak» izaten direla gaineratu digu.


Urte berrian sartuta ez du geldirik egoteko asmorik. Hasteko, «Bonberenea Zuzenean diskoa aurkeztu» nahi du eta horrez gain, «estudioko bertze diskoarekin lanean» hasteko asmoa du. «Erdi prestatua» duela adierazi du, «eta espero dut 2019 bukaerarako izatea, nahiz eta ezin dudan ziur erran». Hori bai,  «disko diferentea» egin nahi duela aitzineratu digu, «musika-tresna gehiago erabiliz», hala nola, «soka musika-tresnak: bibolina, txeloa...». Gainerakoan, «aitzineko lanekin konparatuz, nahiko akustikoa eta lasaiagoa» izanen dela dio. Bitartean, esku artean dugun zuzeneko uztarekin gozatzeko aukera izanen dugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun