Isidoro Fagoagari omenaldia eskaini diote Berako Agramontea sortetxean

Ttipi-Ttapa 2017ko mai. 8a, 08:56
Gure Txokoako dantzariak, Aurreskua dantzatzen omenaldi ekitaldian.

Oroit-plaka paratu dio Berako Udalak eta emanaldia eskaini diote Berako Abesbatzak, bandak eta Gure Txokoako dantzariek

Isidoro Fagoaga, bada tenorea! izenburupean urte osorako zenbait ekitaldi prestatu dituzte Beran. Omenaldi nagusia, maiatzaren 6an egin zioten Illekuetako Agramontean, bere sortetxean,  Abesbatzaren, Bandaren eta Gure Txokoako dantzarien eskutik. Oroit-plaka bat ere paratu zion Berako Udalak etxe atarian, tenore handiaren esaldietako bat ageri duena: «Geure kulturari uko egitea bizitzari berari uko egitea litzateke».

 

Josu Iratzoki Berako alkatea eta udal ordezkariekin batera, Isabel Elizalde, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta eta Toki Administrazio kontseilaria eta Susasna Irigaray, Nafarroko Museo Zerbitzuko zuzendaria izan ziren ekitaldian, Fagoagaren senide eta hainbat beratarrekin batera.

‘Isidororen Lagunak’ elkarteko kide ere baden Jon Abril kazetariak gidatu zuen ekitaldia eta Isidoro Fagoagak “14 urterekin bere etxea utzi eta Argentinara lehenik, eta Italiara gero, joateko izan zuen ausardia” azpimarratu zuen. Alde horretatik, bere garaiari aitzindua ibili zen Fagoaga eta bere omenez antolatu dituzten ekitaldietarako aukeratu duten goiburuak dioen bezala, “bada tenorea ahazturatikberreskurateko eta dagokion tokia emateko”. Berako Abesbatzak bi kantu eskaini zituen, eta Isidororen Lagunak elkarteko Helena Santestebanek Fagoagak 1947an idatzitako testu bat irakurri zuen, Gernika bonbardeatu ondotik kantatzeari uzteko arrazoiak azaltzen zituena. Isabel Elizaldek eta Susana Irigarayk Fagoagaren bizitza eta lana ikertzeko eta ezagutzera emateko konpromisoa azaldu zuten.

Agramontean jarritako plaka azaldu ondotik, Gure Txokoako Jon de la Cruz eta IraiaGilleneak aurreskua dantzatu zuten eta berriz ere, Berako abesbatzak eta musika bandak eskainitako kantuekin bukatu zuen omenaldi ekitaldia.

 

Erakusketa

Gogoratu behar da apirilaren 21etik maiatzaren 21era Isidoro Fagoagaren ibilbidea biltzen duen erakusketa zabalik dela Kultur Etxean (ortzegunetik larunbatera, 18:00etatik 20:00etara eta igandetan 11:30etik 13:30era).

Isidoro Fagoagak hil aitzinetik kutxetan sartutako bere materialaren hainbat ale paratu dira erakusgai, gehien-gehienak lehenbiziko aldiz: argazkiak, kontzertuetako kartelak, gutun pertsonalak (Oteizarekin, Barandiaranekin, Martin Ugalderekin…), postalak, operetan erabilitako jantziak eta osagarriak, liburuak…

  

Aitzinera begira

Maiatzaren 19an, ortziralean 19:00etan Beralandetan, Hedoi Etxartek Wagner izanen du solasgai, Fagoagak gehien kantatu zuen artista.

Maiatzaren 26an, berriz, “Isidoro hurbiletik” mahai-inguruan parte hartuko dute hura ezagutu zuten hainbat lagunek, ortziralean 19:00etan Gure Txokoa elkartean

Maiatzaren 30ean, asteartez, herriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek Isidoro Fagoaga ezagutzeko Ginkana bat eginen dute herriko karriketan barna, 15:00etan hasita. Ez da hau izanen ikastetxeekin landuko den gai bakarra, erakusketa bisitatzeaz gain, erakusketarako propio marrazkiak ere prestatu baitituzte. Horrez gain, herriko ikasleei banatzeko, Isidoro Fagoagaren bizitza laburbiltzen duen komikia argitaratuko da, Joseba Larratxe komikigileak egina. 

Udaberriko azken ekitaldia ekainaren 9an eginen da. Artistaren izena daraman Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolako ikasleek Herriko Etxeko plazan, gaueko 22:00etan, antzerki-musikatua eskainiko dute, Fagoagaren ibilbidea musikaren bidez laburbilduz.

 

Kontzertuak udazkenean

Udazkenerako hainbat kontzertu eta emanaldi prestatzen ari dira, musikaren bidez Isidoro Fagoaga gogora ekartzeko asmoarekin. Hala, Javier Perez de Azpeitia pianista beratarrak Manuel Olano tenor errioxarrarekin kontzertua emanen du irailean; Errenteriako Andra Mari abesbatzaren kontzertua izanen da urrian, eta oraindik itxi gabeko bertze emanaldi batzuk aurreikusi ditu antolakuntzak.

Urtemugako ekitaldiak epe ertainera zerbait iraunkorragoa sortzeko baliatu nahi dute antolatzaileek, eta familiarekin eta Udalarekin esku hartuta, Nafarroako Gobernuarekin ere harremanetan dira. Lehendabiziko zeregina izanen da Isidorok kutxetan sartu zuen bere material guztia (korrespondentzia, argazkiak, jantziak, kartelak, osagarriak…) inbentariatzea eta berreskuratzea, ondare hori balioan paratu eta zabaltzeko, Isidororen lanak Berako herrian toki iraunkor bat izanik.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun