Bestetako kartel eta azal lehiaketa antolatu dute lehen aldiz Etxalarren

Ttipi-Ttapa 2017ko api. 28a, 11:04
Lehen aldiz, Etxalarko bestetako kartelerako eta programaren azalerako lehiaketa eginen dute.

Maiatzaren 31 bitarte aurkez daitezke lanak Kultur Etxean

Etxalarko Kultura Batzordeak, bestetako azal eta kartel lehiaketa deialdia zabaldu du lehen aldiz. Edonork parte har dezake, bakoitzak nahi bertze lan aurkeztuz. Kartelak A3 tamainan inprimatuta aurkeztu beharko dira eta baita formatu digitalean  ere, 300eko erresoluzioarekin eta bertikalean, edo kartulina edo paper lodian. Azalak berriz, paper lodi edo kartulinan A4 neurrian aurkeztu behar dira eta marrazki edo argazkiak erabilita, diseinu bertikala osatu beharko da. 

 

Azalean Etxalarko Bestak 2017, Abuztuaren 14tik 18ra testuak bakarrik agertu behar du. Kartelean, testu horretaz gain, egileak bestetako programa zehatza sartzeko tokia utzi beharko du.

Gaia, estiloa eta erabilitako teknika libre izanen dira eta lanek jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dute.

Lanak maiatzaren 31ko 19:30 baino lehen aurkeztu beharko dira Kultur Etxean edo kulturetxea@etxalar.eus helbidera bidali, gisa hauetako lehiaketetan ohikoa den sistema erabiliz.

Kartel irabazlearen egileak 50 euro eta bi lagunentzako bazkari edo afari bat irabaziko ditu Etxalarko Herriko Ostatuan. Azal irabazleak, berriz, 100 euro.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun