Max Sarietako finalista da Martxel Rodriguez dantzari lesakarra

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko api. 21a, 07:46
Martxel Rodriguez, Artea Oinez erakusketaren irekiera ekitaldian, apirilaren 7an Iruñean. Argazkia: Nafarroa Oinez

Gizonezko dantzari onenaren saria eskura dezake, baita dantza antzezle talde onenarena ere, ‘Oskara’ ikuskizunean egindako lanarengatik

Max Sariak 1998an sortu zituen SGAE Fundazioak dantzaren eta antzerkiaren munduko profesionalen lanaren balioa eta denboraldi bakoitzeko ikuskizunak sustatzeko. Aurtengo hogeigarren edizioan, ‘Oskara’ dantza ikuskizuna da sarietako faboritoetako nagusia, zazpi izendapenekin. Horietako bat, Martxel Rodriguez Etxabide lesakarrak jaso du: gizonezko dantzari onenarena. Dantza antzezle talde onenaren izendapenean ere sartua dago lesakarra, bere taldekideekin batera.

 

Zazpi hautagaitza eskuratu ditu Kukai dantza taldeko Jon Maya eta La Veronal taldeko Marcos Morau koreografoek prestatutako Oskara-k: dantza ikuskizun onenaren saria, arte eszenikoen ekoizpen pribatuarena, espazio eszenikoarena (Marcos Morau), jantzi onenen saria (Iraia Oiartzabal), argiztapen onenarena (David Bernues), gizonezko dantzari onenarena (Martxel Rodriguez) eta dantza antzezle talde onenarena (Jon Maya, Eneko Gil, Martxel Rodriguez, Ibon Huarte, Urko Mitxelena eta Alain Maya).

Martxel Rodriguezek pozez gainezka hartu du izendapena: «lehendik ere poz handiak eman dizkit Oskarak eta hau pastelaren ginda izan da. Jon Mayak deitu ninduenetik proiektuan parte hartu nahi ote nuen galdetuz, eta gero egin dugun ibilbide osoa hagitz polita izan da. Marcos Moraurekin lan egin ahal izatea ere plazer hutsa izan da neretzat eta gauza aunitz eman dizkit dantzari moduan… Hautagaia nintzela jakin nuenean handia izan zen eta orain, finalista naizela jakitea ikaragarria».

Arte Eszenikoen Max Sariko irabazleak ekainaren 5ean jakinaraziko dituzte, Valentziako Palau de les Arts aretoan eginen duten jaialdian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun