Euskara ikasleentzako beka deialdia onartu berri du Bortzirietako Euskara Mankomunitateak

Ttipi-Ttapa 2017ko mar. 28a, 07:53
Aurten ere euskara doan ikasteko aukera izanen da Bortzirietan.

2017an ere doan ikasteko aukera izanen dute eta lehen sei hilabetetan ikastaroren bat egin duten edo egin asmo dutenek, apirilaren 4ra arteko epea dute eskaera egiteko

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak onartu berri du euskara ikasten ari direnentzako beka deialdia 2017 urterako. Iaz hasitako bideari jarraituz, beka sistema honen bidez Bortzirietako herritarrek euskara  doan ikasi ahalko dute.

 

Deialdi berri honek 2017an euskara ikastaroren bat hasiko duten ikasle guztientzat balio du. Lehen sei hilabeteetan ikastaroren bat egin dutenek edo egin asmo dutenek eskaerak apirilaren 4a baino lehen egin behar dituzte, euskara mankomunitatean bertan. Udako ikastaroen kasuan edota 2017-2018 ikasturtean matrikulatzeko asmoa dutenen kasuan eskaerak egiteko bertze epe bat izanen dute: urriaren 13ra bitartean.

Edozein kasutan, informazio xehea, deialdiaren oinarriak edota aurkeztu behar den dokumentazioa eta inprimakiak mankomunitatearen web orrian aurki daitezke (www.bortziriak.eus), eta edozein zalantzatarako bertara deitzen ahal da (948 634 125).

 

Iazko bideari  jarraituz

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, 2013an egindako gogoeta parte hartzailearen ondotik, euskalduntze eta alfabetatzeari dagokionez helburu hauek adostu zituen mankomunitateak bere plan estrategikoan: 1) herritarren artean euskararen ezagutza handitzea, 2) euskalduntze-alfabetatzea unibertsalizatzea, prestigiatzea eta zabaltzea, 3) euskararen kalitatea hobetzea eta bertako hizkuntza lantzea eta 4) euskalduntzetik erabilerara jauzia egitea eta euskaldunen sarea trinkotzea.

Helburu horiek gauzatzeko, 2016an mankomunitateak euskara ikasteko diru laguntza politika berraztertu zuen eta euskara ikastea doakoa izan dadin bideak urratzen hasi zen. Hortaz, euskara ikasleentzako beka sistema unibertsala eta doakoa ezarri zuen. Lehen urte horretan mankomunitatearen eskaintzak harrera ona izan zuen herritarren artean: 2016-2017 ikasturterako 71 euskara ikaslek egin zuten beka eskaera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun