Karmen Etxalarkoa pastorala prestatzen hasiak dira Etxalarren

Ttipi-Ttapa 2017ko mar. 3a, 12:56
Pastoralaren idazlea eta zuzendaria, Etxalarko alkatearekin eta herri-antzerkian lanean ari direnekin egin dute aurkezpena.

Irailaren 16an eta 17an ehun jokalari baino gehiagok eskainiko dute herri-antzerkia

Prosper Merimée-k idatzitako Carmen nobelan inspiratutako Karmen Etxalarkoa Pastorala prestatzen hasiak dira Etxalarren. Martxoaren 2an Etxalarko Kultur Etxean egindako agerraldian, datorren irailaren 16an eta 17an egitekoa den herri-antzerki jendetsuaren inguruko xehetasunak eman zituzten Migel Mari Irigoien Etxalarko alkateak, Karmen Etxalarkoa Pastorala elkartearen ordezkariek, Gerardo Munguia pastoralaren idazleak eta Pantxika Urruty zuzendariak.

 

Lana prestatzen hasiak dira Etxalarren eta ehun lagun baino gehiago taula gainean elkartu eta hiru ordu baino gehiago iraunen duen ikuskizuna antolatzen ari dira buru-belarri.

Migel Mari Irigoien alkateak aipatu zuenez, «2016ko abuztuan, herriko bestak Etxalarren, Gerardo Munguiaren dei bat jaso nuen, berak aurkeztu zidan pastoralaren egitasmoa, lehen aldiz. Pastorala zer zen azaldu zidan, eta haren inguruan aritu ginen egun guzian solasean, nola egin. Jendearekin komentatu eta hasieran denek zalantza moduko bat izan genuen, Etxalarren Pastorala arraroa baita, baina hasi ginen bilerak egiten. Herritarrek babesa eman zuten, bideragarria ikusi zen eta aitzinera segitzea erabaki genuen».

 

Gerardo Munguia: «Pastoral klasikoa izanen da»

Gerardo Munguia pastoralaren idazleak aipatu zuenez, «Prosper Meriméeren nobela irakurri nuelarik, aspaldian, ni tragediazalea bainintzen eta naiz, pentsatu  nuen polita litzakeela oholtza batera igaitea, eta sobera pentsatu gabe, ene plazerarendako idatzi nuen. Gero, ikusi nuelarik, nolako itxura hartua zuen, pentsatu nuen, zergatik ez Etxalarrera ekarri. Nobela honetan Karmen Etxalarkoa zela ageri da eta Jose baztandarra zela. Etxalartarrekin harremanean jarri eta beraien oniritzia jaso ondotik, Pantxika Urrutyrengana joan nintzen, aspaldiko lagunak baigara.  Proposamena luzatu nion, pastorala irakurri eta halaxe erran zidan: “Pastoral edo tragedia honekilan maitemindu naiz”. Eta halaxe izan ziren lehenbiziko hastapenak. Pastoral klasikoa izanen da, 240 bertset edo kopla dituena, 7 kantore, dantzak, batailak, bi sataneria, bi turkandereak… Mustraka guztietan euskara hutsez ari gara, ez da bertze hizkuntzarik izan eta hori inportantea da».

Pantxika Urruty zuzendariak erran zuenez, etxalartarrak pixkanaka hasi dira konprenitzen eta ikasten zer den pastorala: «Pastorala antzerki mota zahar bat da, oraindik Xuberoan bizi dena. Istorio bat kontatzen du, hemen Karmen eta Joseren istorioa, eta heien ezinezko amodioa ikusiko dugu, ezin dira elgarrekin izaten ahal, bata jeloskor, bertzeea askatasun gosez, eta horiek beharko ditugu taula gainera eraman. Pastorala ikusgarri oso bat da: pastoralean atxematen da dantza, kantua, musika, taula-jokoak… Etxalarrekoendako desafio moduko bat da. Biziki serioski hasi dira lanean eta errespetu handiarekin eta eskerrak eman nahi dizkiet. Adin guztietakoak hasiak dira, haurrak, gazteak, adinekoak… Zerbait berezia gertatu da herri honetan: hasiera batean Kultur Etxean hasi ginen lanean, baina sabaia behe xamar denez eta zutabeekin ezin ziren batailak antzeztu, zaila zen. Kanpoan hotz egiten zuen eta izan gara elizan eta hori ez nuen sekula ikusi. Elizako ateak ireki zizkigun Pello Apezetxea erretoreak eta izugarri goxo da, eta apeza behar da eskertu».

 

Elkarte bat sortu dute Etxalarren pastorala aitzinera ateratzeko

Jone Bizentek, pastoral honen inguruan Etxalarren elkarte bat sortu behar izan dutela aipatu zuen: «Hasi ginenean proiektu honekin, ikusi genuen elkarte bat sortzeko beharra ikusi genuen, lan izugarri pila daude egiteko. Elkartea sortu eta lan talde batzuk berezi genituen. Dantzen alorra da bat, Etxalarko Andre Mari dantza taldeak parte hartzen du eta lau koreografia berri sortu behar ditugu. Amadeo Arretxea irakasleak eginen ditu zigar-egileen dantza bat (istorioan zigarroak egiten dituzten emakumeen dantza), buhameen dantza (Karmen protagonistaren ijito-lagunak eta familia, besta giroan), Karmenen dantza (berak bakarrik egiten duen dantza sensual bat) eta bukaeran Karmeneri eskainiko zaion dantza bat, dantzari guziek dantzatua. Horiez gain, Satanen dantza bereziak ere izaten dira, eta Iparraldetik hiru lagun etortzen dira astero erakustera. Bertze arloa, arropen atala izanen da. Pastorala XIX. mendean gertatzen da eta lan talde bat ari da garai horretako arropa lortzen saiatzen ari da. Sei arizale talde ezberdin berezi dira: dragoiak edo soldadoak (kanarioak Meriméeren obran) eta bitxikeri moduan arropa horia zuten. Donostiako danborradako elkarte batzuekin saiatzen ari gara. Buhameak edo ijitoak, painuluak, tokillak, txanponez betetako arropak; zigar-egileak, lantegiko arroparekin; kontrabandistak, bidelapurrak edo trabukoak, zapela, kapa eta gisako jantziekin; turkandereak edo ostalersak, emakume andaluziar atrebituak, ukitu sentsuala emanen dutenak eta fraileak, arropa xumeekin jantziak. Hirugarren arloa komunikabideena izanen da, sare sozialak lantzekoeta internet bidezko plataforma bat, sarrerak saltzeko».

Musikari dagokionez, doinu eta musika klasikoaz gain, hiru konposaketa berri izanen direla ere aipatu zuen Mireia Martinezek: «Javier Perez de Azpeitiak eta René Beldak sortutakoak dira. Abesbatzaren zuzendaritza Alberto Lasaren esku dago eta esperientzia emanen diguna Amaiurko Gaztelu abesbatza izanen da. Etxalarko txistulariek eta musikari guztiek ere parte hartuko dute. Pertsonaien partaidetza handiena Etxalarkoak izanen gara eta Amaiurkoak ere izanen dira. Karmen pertsonaia etxalartarra zenez, Miren Olaetxea etxalartarra izanen da eta Jose baztandarra zenez, Miel Joxe Ariztia amaiurtarra izanen da, hori errespetatu nahi izan dugu, berezitasun moduan. Pastorala estreinatzeko eguna hurbildu ahala herri guztiaren partaidetza ere beharko dugu. Eszenatokia eta harmailak montatu beharko dira, auzolan erraldoi bat egin beharko da. Ehun bat  lagun elkartu gara pastorala antzezteko eta hiru ordu baino gehiagoko ikuskizuna izanen da».

Miel Joxe Ariztia amaiurtarra izanen da Jose. Gogotsu hartu du erronka eta etxalartarrek eskuzabal hartu dutela eta eskerrak eman nahi izan dizkie. «Gaztelu taldean hogei urte daramazkigu kantuan. Bortzirietan eta inguruan ez dago halako proiekturik eta Baztan eta Bortziriak elkartzeko modu polita da. Proiektu polita da, baditu bere zailtasunak, baina gustura ari gara!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun