Oaia Peruarenaren Argi jokoak ikusgai jarriko dituzte Berako Kultur Etxean

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko uzt. 15a, 07:33
Oaia Peruarenak bere sorterrian erakutsiko ditu margolanak.

Uztailaren 18tik abuztuaren 16ra ikusgai izanen dira beratarraren margolanak

Oaia Peruarena margolari beratarraren “Argi jokoak” margo erakusketa ikusgai paratuko dute uztailaren 18tik abuztuaren 16ra Berako Kultur Etxean, Berako Udalak eta Kultur Batzordeak antolatua.

Irekiera ekitaldia uztailaren 18an, larunbatean, 18:30ean eginen dute. Ondotik, asteartetik igandera (astelehenak itxita), goizez 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 16:00etatik 20:00etara ikusteko aukera izanen da.

2005ean Irungo Amaia kulturgunean bere lehen margolanak zintzilikatu zituenetik, taldekako nahiz bakarkako hainbat erakusketan ikusgai izan dira Oaia Peruarenaren koadroak, bertzeak bertze, Donibane Lohitzunen, Baionan, Ordizian, Mendikotan, Donibane Garazin, Hondarribian, Tolosan, Donostian, Legazpian, Beasainen, Ezpeletan, Errenterian, Zarautzen eta Baztan-Bidasoaldeko herrietan, baita Frantzian ere.

 

Oaia Peruarenaren biografia

1972an Beran jaio zen Oaia Peruarena Telletxea. Ttikitatik datorkio margolaritzarekiko interesa, aitatxi-amatxien etxean pasatzen zituen arratsaldeak aldizkarietako irudiak marrazten. Margolari anitzen eskutik jaso ditu klaseak baina Erratzuko Jose Mari Apezetxea izan da bere lanean eragin handiena izan duen maisua.

Matisse eta chagall margolarien kolorez miresle, baita Cezzanneren pintzelkadarena ere, hainbat urte pasa zituen figurazio munduan, baina bere barnean bizi zituen indarrak modu egokiago batean adierazteko beharrak bultzatuta, askatasun handiago eskaintzen zion espazio baten bila, ezaguna zuen hura utzi eta bere barnera biratu zuen begirada.

Bide berri honetan ispirazioa norberaren barruan da eta isiltasunak badu garrantzi handia, ezinbertzeko tresna biurtzen baita. Isiltasun horri esker espazio bat sortzen da, hutsa dirudien baina aukeraz beteta dagoen espazioa, eta agortueziniko iturri honetatik sortzen da margolana.

Bere lanean garrantzi handia du koloreak, baita trazoak ere, lehenengoa, bizi duen intentsitatearen adierazgarri; eta bigarrena, indar guzi horiek orekatu eta bideratzen dituen instrumentu bezala.

Bere lanaren bitartez, gure existentziaren motorra den eta denentzat ohikoa den pultsu hori isladatzen saiatzen da.

Bere lana bilduma pribatu askotan banatua da eta hainbat erakusketatan parte hartu izan du, bai bakarka, bai taldeka.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun