Bera eta Lesakako konposta egiteko etxoletako taulak ebatsi dituzte

Ttipi-Ttapa 2015ko eka. 10a, 08:12
Konposta egiteko etxoletatik 40-50 taula eraman dituzte Beran eta Lesakan.

Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitateak denbora bat beharko du lehengo egoerara bueltatzeko

Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitateak salatu nahi du Bera eta Lesakako konposta egiteko etxoletako taulak ebatsi dituztela. Ezbehar honen ondorioz, konpost-gune horiek egoera tamalgarrian daude. 

Auzo handienetan borondatezko parte-hartzea handia izan zenez, konpostagailu arrunten ordez, egurrezko etxolak ezartzea erabaki zuen Mankomunitateak, herriaren estetikarekin ere bat datozenak. Etxola horiek egurrezko taulez eraiki ziren eta konpostatze prozesua aitzinera eraman ahal izateko beharrezkoak ziren, konposta ondu bitartean  gelaxkak ixteko erabiltzen baitira.

Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitateko kalkuluen arabera, 40-50 taula inguru eraman dituzte. «Nahiz eta hondatu edo puskatutakoak ordezkatzeko materiala eduki, une honetan ez dugu kalte hau moldatzeko behar adina. Hori dela eta, lehenbailehen konpontzen saiatuko bagara ere, denbora bat beharko dugu aitzineko egoerara bueltatzeko», dio Txomin Elgorriaga teknikariak.

Guzti honek, borondatez konposta egiten duten bizilagunen lana oztopatu eta zailtzen du. Hori gutti balitz, Mankomunitaterentzat ustekabeko gastua suposatzen du, zeinek zuzenki herritarren zabor tasan eragina baituen. Hori horrela, gutti batzuen ekintzek denoi kalte egin digutela salatu dute.

Hau denagatik, bizilagunen parte-hartzea eskatu dute aurrerantzean horrelakorik errepika ez dadin eta konpost-guneak behar bezala zaindu daitezen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun