Bergarako Juan Jose Altuna nagusitu da Lesakako Margoketa azkarreko lehiaketan

Ttipi-Ttapa 2015ko eka. 9a, 07:27
Elias Garralda III. Margoketa azkarra lehiaketako partehartzaileak sariak jaso ondotik.

26 margolari helduk eta 20 haurrek parte hartu zuten hirugarren edizioan

Elias Garralda zenaren omenez Beti Gazte elkarteak, Udalaren eta Lesakako Zerbitzuen Elkartearen laguntzaz hirugarren urtez antolatutako margoketa azkarreko lehiaketa egin zen ekainaren 7an Lesakan. 26 margolarik parte hartu zuten helduen lehiaketan eta bertze 20 haur ere karrikaz karrika hedatu ziren, beraien margolanak egiteko.

Margolanak entregatu ondotik, beraien margolanak ikusteko aukera izan zen Alondegiko arkupetan. Arratsaldean banatu zituzten sariak Ana Irastorza, Lesakako Zerbitzuen Elkarteko ordezkariak eta Maider Arrieta udal zinegotziak.

Umeen artean, Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailako ikasleen artean, lehen saria Peru Urrarentzat izan zen eta bigarrena Leire Ariztegirentzat. LHko 3. eta 4. mailako ikasleen artean, Berako Amaia Prietok eraman zuen lehen saria. LHko bosgarren eta seigarren mailakoen artean, lehen saria Imanol Ugaldeberek eskuratu zuen eta bigarrena Kenneth Abuinek.

Helduen artean, berriz, bi lehenbiziko sariak Bergarara joan ziren. 500 euroko lehen saria Juan Jose Altunak eskuratu zuen eta 300 euroko bigarren saria Antonio Arrillagak. Herriko margolariek egindako margolan onenari emandako 150 euroko saria, iaz bezala, Raquel Arlegirentzat izan zen.

Epaimahaia herriko bi margolari haundik osatu zuten, Juan Carlos Pikabea eta Javier Igoak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun