60 gaztetxok parte hartu dute Nafarroako Bertso Eskolen Egunean Lesakan

Ttipi-Ttapa 2015ko mai. 25a, 14:50
Nafarroako Bertso Eskoletako ikasleak igandean Lesakan, beraien oroigarriak jaso ondotik.

Oihana Arruti eta Lide Igoa lesakarrek beraien adineko bertsopaper lehiaketak irabazi dituzte

Ikasturte amaierara iritsita, igandean ospatu zen Lesakan Nafarroako gazteen Bertso Eskolen Eguna. Harriondoa Kultur Etxean 10-15 urte bitarteko 60 gaztetxo bilduta, bertso-eskola bakoitzaren agurrekin eman zitzaion hasiera eguneko ekitaldiari. Bertan izan ziren Lesaka, Bera, Igantzi, Etxalar, Iruñea, Barañain eta Sakanako kideak. 

 

Bertsopaper lehiaketako saridunak

Ondotik, Nafarroako Bertsopaper Lehiaketako saridunen lanak entzun eta sari banaketa ekitaldia egin zen. Hauek izan dira 2015eko irabazleak eta aipamena jaso dutenak:

Lehen Hezkuntzako 3. eta 4.mailan, irabazlea: Oihana Arruti (Lesaka) eta aipamenak: Ainhize Garro (Lesaka), Lore Atondo (Etxalar) eta Ziortza Goia (Bera).

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6.mailan, irabazlea: Lide Igoa (Lesaka) eta aipamenak: Manex Ramos (Lesaka), Idoia Sabuki (Barañain), Nahia Milla (Iruñea) eta Lizar Sein (Igantzi).

Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2.mailan, irabazlea: Ekain Alegre (Altsasu) eta aipamenak: Ekhiñe Zapiain (Bera), Ainhoa Sabuki (Barañain) eta Irati Nuin Del Rio (Iruñea).

Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4.mailan, irabazlea: Idoia Granizo (Altsasu).

Bertsopaperen tartea bukatuta, inprobisatzeko aukera izan zuten gazteek. Gai orokorra, bukaerako puntua eta lau oinak emanda bat-batean aritu ziren, beti ere jolas gisa parte-hartzea bultzatuz. Arratsaldean berriz, taldeen arteko harremanak indartzeko, herrian barrena pista-jolasean aritu ziren ikasleak. Lesakako hainbat bertsolari identifikatu eta haien bertso bana kantatuz eman zitzaion amaiera aurtengo Nafarroako Bertso Eskolen Egunari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun