Berako eta kanpoko aktore gazteak taulara igoko dira Mugaz Gain Antzerki Jaialdian

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko mai. 13a, 07:21
Berako lau ikastetxetako ikasleez gain, Lasarte-Oriako Kukuka antzerki eta dantza eskolakoek ere parte hartuko dute.

Maiatzaren 14 eta 15ean izanen dira lehen saioak eta hilaren 22 eta 22an azkenak

Ortzegun honetan hasita Mugaz Gain antzerki jardunaldiak eginen dituzte Berako Kultur Etxean.

Maiatzaren 14an, ortzeguna, 11:45ean Bideoz Blai eskainiko dute Toki Ona Institutuko 2. DBHko eta Batxilergoko 1. mailako ikasleek. Sarrera euro bat ordaindu beharko da.

Maiatzaren 15ean, ortzirala, 11:00etan Aupa Etxebeste antzezlana eskainiko dute Lasarte-Oriako Kukuka antzerki eta dantza eskolakoek. Ondotik, Dantzaz Blai dantza ikuskizuna eginen dute eskola berekoek. Eta 13:00etan antzerki eta dantza ikuskizun berdina eskainiko dute.

Maiatzaren 21ean, ortzeguna, 10:00etan Liburu magikoaren istorioa ikuskizuna eskainiko dute Ricardo Barojako bigarren mailakoek eta 12:00etan Behin batean, Bera herrian... antzezlana eginen dute Labiaga Ikastolako Haur Hezkuntzakoek. Bi saioetarako euro bana ordaindu beharko da. Egun berean, 18:00etan, ikuskizun bera eskainiko dute Ricardo Barojakoek eta denentzako irekia izanen da, bi euroko sarrera ordainduta.

Maiatzaren 22an, ortzirala, 10:00etan Jesusen Bihotza ikastetxeko 5. eta 6. mailakoek Beldurra antzezlana eskainiko dute eta 12:00etan Labiaga Ikastolako 5. mailakoek Trena galdu eta zenbat gauza antzezlana. Bi antzerki hauek arratsaldean ere eskainiko dituzte, 18:00etan hasita, denentzako irekiak, bi euro ordainduta.

Aipatu, maiatzaren 21ean eta 22an arratsaldez eskainiko diren antzezlanak ikusteko sarrerak 17:00etatik aitzinera salduko dituztela Kultur Etxean, edukiera bete arte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun