Lesakako LANPOSTUAK direla eta

Utzitako argazkiak 2007ko urt. 23a, 14:51

Lesakako Udalak idazkari eta kontu-hartzailearen lanpostuak betetzeko hartu duen erabaki murriztailea dela eta, Herria Aintzinerat plataforma osatzen dugunok geure iritzia agertu nahi dugu, nahiz eta hasiera-hasieratik publikoki bat egin dugun Lesakako Euskara Batzordearekin.

Badira hamabortz urte Bortzirietan bertako udalek eta euskaltzaleek euskara normalizatzeko tresna (euskara mankomunitatea) sortu zutenetik, eta ia hogei bertan euskara hizkuntza ofiziala denetik (Euskararen Foru Legeak, bere eskasean, eremu euskaldunean euskara ofiziala izanen zela ezarri baitzuen). Beraz, mankomunitatea eta legea, bi tresna horiek nahikoak izan behar zuten Lesaka bezalako herri euskaldun batean udalaren funtzionamenduan euskaraz egiten dena baino hagitzez gehiago egiteko.

Baina ez da horrela izan. Hainbertze urte pasa eta gero, oraindik orain itzulpenetan oinarritzen den funtzionamendua dago. Are gehiago, aitzinera begira ere PNV/EA udal taldearen proposamena horixe da: dokumentazioa erdaraz sortu, eta gero euskarara itzuli (itzuli behar ez dutenek, gainera!). Sikiera alderantziz proposatuko balute!: Euskaraz lan egin, eta kanpora atera beharreko dokumentazioa erdarara itzultzea! Baina ez, funtzionamendu hizkuntza, laneko hizkuntza, erdara izaten jarraitzea nahi dute. Horren froga dugu idazkari eta kontu-hartzaile lanpostuetarako hain euskara maila eskasarekin konformatzea. Hizkuntza eskolaren mailak ezagutzen dituzuenek jakinen duzue zertaz ari garen: idatzirako 3. maila eskatuko dute, eta ahozkorako 4.a (edozeinek gaindituko lituzke azterketa horiek!). Hain maila eskasarekin pentsatzen dute lanpostu horretan arituko direnek beren lana euskaraz eginen dutela? Posible da maila hori duen langile batek aktak, txostenak, kontabilitatea... euskaraz egitea? Edo PNV/EA taldekoei ez zaie batere inporta lan horiek euskaraz egiteko gai ez diren langileek betetzea lanpostua? Argi dago ezetz. Hauxe baita euskara normalizatzeari buruz duten kontzeptua: Kanpora begira itxurak gorde eta barrenean lana erdaraz egin, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko bidean eremu guztietan urratsak eman beharrean.

Ideia bat egin dezagun, Nafarroako Gobernuak azken lauzpabost urteotan euskararen kontrako hainbertze lege eta arau eman dituenean, bat horixe izan da: alegia, eremu euskalduneko zenbait kasutan, mediku euskalduna izatea behar zela erran zuten, baina goian aipatu dugun maila eskas hori nahikoa zela erabaki zuten. Orduan denak, den-denak (begiratu hemerotekak, galdetu zeinek jarri zituzten errekurtsoak...) agertu ginen neurri horien kontra, euskararentzat eta euskaldunontzat eskasak zirelakoz: “gure hizkuntza ongi menperatzen ez duen mediku batek atenditu behar ote gaitu?”, erraten genuen. Orain historia errepikatzen ari zaigu, non eta Lesakako Udalean: agintean PNV/EA egonik, euskara hizkuntza ofiziala izanik, herritarren % 80 euskalduna izanik... Euskaldunon hizkuntza eskubideak eta euskara errespetatzen ez dituen bertze neurri bat da, azken finean. Baina hau ezin zaio UPNri egotzi, PNV/EAri baizik.

Ibili eta buelta, gai honekin beti ondorio berdinera iristen gara: Lesakako PNV/EAk, inolako lotsik gabe, interes partikularrak jarri ditu interes orokorren gainetik; orain dagoen langileari begiratu diote, lanpostuari berari (behar duen perfilari: euskara mailari eta gainerako ezaugarriei) begiratu beharrean. Erdaraz horri dedokrazia deitzen zaio. Lesakako PNV/EAren ibilbidea ikusita ez genuke sobera harritu behar, egundaino ez baitira euskara normalizatzeko neurri ausartak hartzeko prest agertu; are gehiago, bide horretan daudenei behin baino gehiagotan oztopoak eta trabak paratzen aritu dira.

Gure ustez, euskara normalizatzeko bidean pauso guztiak aitzinera eman behar dira; gehiago erabakitzeko ahalmena (ustez) abertzale diren alderdien esku dagoenean (Lesakako Udalean, adibidez). Lanpostu horietarako hain euskara maila eskasa eskatzea, zalantzarik gabe, gibelera pauso handia da, eta hori onartezina da.
Beraz: Beti garaiz gaudenez gaia berraztertzeko, exijitzen diogu Lesakako udalari erabaki oker hori lehenbailehen zuzen dezala.

Herria Aintzinera Plataforma

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun