Herria Aitzinerak kritikatu du udalaren kudeaketa Kultur Etxearen proiektuan

ttipi-ttapa 2006ko abe. 21a, 15:39

Hauen ustez, herriko kultur eragileek diotena errespetatu beharko da

Lesakako Kultur Etxe berriaren proiektuak hauts anitz harrotu ditu azken hilabeteetan. Hasiera batean Konbentuan egiteko zen, baina Nafarroako Gobernuak diru laguntza askirik ez zuela ematen, proiektua bertan behera gelditu zen. Pare bat aste beranduago, Udaletxetik jakinarazi zuten, herri sarreran dagoen Zambra aretoa izan zitekeela irtenbide bat, baina oraindik deus ez zutela hitzartu.

Kultur Etxearen proiektuaren inguruko iritzia plazaratzeko Lesakako Herria Aitzinera Herri Plataformak prentsaurrekoa eskaini zuen Zambraren atarian. Andoni Sarasolak, gaur egungo udalak eramaten duen politika salatu zuen, bai eta oroitarazi bere garaian Ezker Abertzaleak Kuartel Zaharra herriarentzat gordetzea proposatu zuela gisa horretarako proiektuetarako. “Nola ulertu daiteke Kultur Etxearen proiektu egiteko gastatu diren milioi guziak ezerezean gelditzea? Edota, Kultur Etxea azken urte luze hauetako lehentasuna izanik bertzelako proiektu handien lanei ekitea lehenbizi? Zergatik bada, saltzen dira herriaren ondasun ziren lurrak, eta orain, janego pribatuen esku daudenak erosi nahi dira? Hainbatetan salatu dugu noraezean dabilela Lesakako udalaren kudeaketa, eta gaur, inoiz baino argiago ikusi daiteke dioguna”. Begoña Igoak aipatu duenez, haien ustez pazientziarekin hartu beharreko gaia da eta deus egin baino lehen Lesakako Kultur eragile guzien iritzia bildu behar da eskaerei erantzuten duen proiektua osatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun