Eguraldi beroari kontra egiteko sagardoa edatea bezalakorik ez bada, horretarako aukera ederra izan zen ekainaren 10ean. Nafarroako Sagardoaren Eguna ospatu zen, bero ikaragarriarekin. Goizean, Jo ala Jo taldeak kirikoketa erritmoan sagarra puskatu zuen eta dolarean lehen estutzea egin zuen. Haurrek gustora edan zuten sagararen lehen zuku horretatik. Sagardantza eta Zortzikoa ere dantzatu zuten Jo ala Jo taldekoek. Arratsaldean, 3 euroan edalontzia erosi eta hamabi sagardogileren eskaintza dastatzeko modua izan zen plazan. Tantirumairu dantza taldeak emanaldia eskaini zuen eta Tapia eta Leturiarekin dantzaldia izan zen eguna borobiltzeko.