Bi proiektuk lortu dute Musika argitalpenerako dirulaguntza

Amaia eta Ainhoa 2006ko uzt. 13a, 17:33

Ekainaren 2an bukatzen zen Berako musika argitapenerako dirulaguntzak jasotzeko proiektuak aurkezteko epea eta hiru proiektu aurkeztu ziren. Aurkeztutako lanen kalitatea eta interes kulturala aztertu ondoren, Kultur Batzordeko epaimahaiak bi lanei dirulaguntza ematea erabaki du. Lehendabizikoa, Joseba Irazokik aurkeztutakoa da, “Akordeoi orkestra eta guitarra Do tonuan” izenekoa. Disko honetan Berako musika ikasleak eta Joseba Irazoki berak parte hartuko dute. Mikel Errazkin teknikari lanetan ariko da eta diseinua Maddi Irazokirena izanen da. 1.015 euroko dirulaguntza lortu du lan honek. Bigarren proiektua, Ertz Arte Gunearen “Iratze eta harri” da. Iratze eta harri piezak ingurune naturaletako ezaugarri eta sentsazio zenbaiten inguruan lan egiten du soka instrumentuetan oinarrituz. Proiektu honetan Xabier Erkizia, Maite Arroitajauregi, Iñigo Telletxea eta Iñigo Ugarteburu dira musikariak. Teknikari lanetan Aitor Garcia (Maikel) arituko da eta diseinua Marta Font-ena izanen da. 232 euro lortu ditu proposamen honek. “Ertz bilduma: Ahantzi baino lehen” proiektua, aurkeztutako finantziazio proposamenaren arabera diru irabaziak dituelako diruz ez laguntzea erabaki da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun