«Haurrentzat idaztea ezberdina da, bertze ahots bat bilatu behar baita»

Xan Harriague 2006ko uzt. 13a, 16:56
Xan Harriague

• Mikel Taberna Alkaiagako idazleak helduen literaturatik haurren literaturara jauzia egin du «Ibaiak nahi duen tokiraino» liburuarekin. Aitzinetik hiru liburu argitaratuak ditu. Kaleratu berri duen liburua argitaratzeko orduan marrazkiak egiteko Maddi Iratzoki beratarraren laguntza izan du.

Haurrendako ipuina egitea nolako esperientzia izan da?

Mikel Taberna: Neretzat hagitz esperientzia polita izan da, ez nuen sekula haurrentzat deus idatzi eta bertze aldetik, ilustratzaile batekin ez nuen nere lana osatua. Hagitz gauza polita izan da eta gustora gelditu naiz egindako lanarekin. Maddi Iratzoki: Nere aldetik ere aukera polita izan da. Ilustrazioaren munduan ez daukat oraindik esperientziarik eta bertze mundu bat ezagutzeko aukera ona izan da.

Zergatik haurrei zuzendua?

M.T.: Haurrei berexiki zuzendutako zerbait idazten asmatzen ote nuen proba egin nahi nuen, seme-alabak ere baditugu eta haiek gogoan hartuta hasi nintzen idazten. Liburua akautu orduko koxkortu zaizkigu eta beharbada ttiki gelditu zaie.

Helduentzat idaztea baino errazagoa al da haurrentzat idaztea?

M.T.: Diferentea da. Aldaketa handi xamarra izan da, bertze ahots bat bilatu behar izan dudalakoz. Denbora guzian ibili behar nuen idatzi eta urratzen, berregiten… hartzaileak diferenteak izanen zirela pentsatuz, nahiz eta edozeinek irakurtzen ahal duen. Buelta aunitz eman dizkiot testuari, uste nituenak baino gehiago, baina hori da gure egitekoa, zerbait gustagarria egitea irakurleentzat.

Haur baten baitan sartu behar izan duzu?

M.T.: Neurri batean bai, zerbait idazten duzularik lehenbiziko irakurlea zu zeone zara. Kasu honetan, aldiro pentsatu behar nuen nik idazten nuen hura nola hartuko zuen irakurle horrek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun