Baserrietako jakien Jardunaldi Gastronomikoak egiten ari dira

Martin BERTIZ 2013ko eka. 17a, 10:34

Eskualdeko hamar jatetxetan

Bertizko Turismo Partzuergoak ehiza jardunaldi gastronomikoak antolatzen ditu duela 20 urtetik. Aurten jatetxeak bildu dira ber­tze hitzordu bat gehiago eskaintzeko. “Gure baserrietako jakiak – Jardunaldi Gastronomikoak” izenarekin, Baztan Bidasoaldeko hamar jatetxek udabe­rriko menuak prestatu dituzte arras prezio egokiekin. Maiatzaren 27tik ekainaren 23ra arte egiten ari dira jardunaldiak.
 
Jardunaldietan parte hartzen duten jatetxeetatik 5 Baztanen daude, (Beola Almandozen, Ordoki eta Bixta-Eder Arizkunen, Olari Iruritan eta Urgain Oronoz-Mugairin, 1 Urdazubin (berria den Nikolaurenea), 2 Bortzirietan (Burlada Arantzan eta Zubiondo Beran) eta 2 Malerrekan (Oitzeko posada eta Donamariako benta). Menu erakarga­rriek eskaintzen dituzte: Baztango ilar gorriak (babarrunak), Arizkungo arraultzak, Baztango arkumea eta aratxea, Arantzako ahatea, Baztango ardi latxa eta behiaren gaztak, amuarrainak, txistorra eta txerriaren beste jakiak eta baratzeko produktu anitzak. Partzuergoaren web orrian ikusten ahal dira menuak: www.consorciobertiz.org.
 
Gastronomiaz gain, Bertizko Partzuergo Turistikoak azpimarratu nahi du eta hirietako publikoari erakutsi nahi dio gure elikadurarentzat eta landa eremuen bizimoduarentzat hain inportantea den nekazalgintza.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun