San Fermin Motozerra Txapelketan parte hartuko du Oieregiko Esteban Arrutik

Ttipi-Ttapa 2012ko uzt. 10a, 12:42
Esteban Arruti motozerrarekin.

Iruñeko sanferminen barne jokatuko da txapelketa, Foru Plazan

Oieregiko Esteban Arrutik parte hartuko du eta 15 zentimetroko 5 korte abiaduran egin beharko ditu, 20 zentimetroko kopururik handiena ere bai, norabide ezberdinetan, eta neurri berean korte kopururik handiena, zutik, ere bai, lontxak erori gabe. 100 zentimetrotan 15 minututan irudi bat ere egin beharko dute. 

Urtero bezala, Herri Kiroletako hainbat txapelketa jokatzen ari dira Iruñeko sanferminetan. Nafarroko txapelak erabakitzeko lehiak izanen dira batzuk eta erakustaldiak bertzeak eta saio guziak eguerdiko 12:00etan hasiko dira Foru Plazan.

Gaur, uztailak 10, XIV. San Fermin Motozerra Txapelketa jokatuko da. Oieregiko Esteban Arruti ariko da, Berasaingo Miguel Angel Mariñelarena eta Burgiko Alayn Salvadorekin batera. Egin beharreko lana ondokoa izanen da: 15 zentimetroko 5 korte abiaduran egin, 20 zentimetroko egunarrekin korte kopururik handiena ere bai, norabide ezberdinetan, eta neurri berean korte kopururik handiena, zutik, ere bai, lontxak erori gabe. 100 zentimetrotan 15 minututan irudi bat ere egin beharko dute. Bertzalde, gaur Kañamares anaiek ere erakustaldia eskainiko dute.

Uztailaren 11n, Nafarroako emakumezkoen txinga txapelketa jokatuko da. Lesakako Xanta Sousa eta Estitxu Almandozekin batera, Oronozko Amaia Elizagoien ariko dira. Segidan, Nafarroako kadete mailako Arpana Txapelketa. Baztango Basaburuako Eneko Irigoien eta Ekaitz Maritorena izanen dira eskualdeko ordezkariak. Beraiekin batera, Andra Mariko Aritz Gabirondo eta Iñigo Galarza eta Gari Satrustegi, eta Berriozarko Oier Kañamares eta Imanol Kañamares lehiatukod dira. Aimar Irigoienek harrijasotze erakustaldia eskainiko du eta Andde Arbenoitzek lasto botatze erakustaldia.  

Uztailaren 12an Nafarroako Ingude Altxatze Txapelketa jokatuko da. Gizonezkoetan, Josetxo Urrutia leitzarrarekin batera, Auzako Ander Iribarren eta Berriozarko Iker Lizarraga ariko dira. Emakumezkoetan, Iturengo Maika Ariztegirekin batera Iruñeko Esti Gastearena ariko da. Ondoren, harrijasotze erakustaldia eskainiko du Iñaki Perurenak eta aizkora erakustaldia, kanako enborrarekin, Juan Jose Lopez eta Donato Larretxeak.

Uztailaren 13an Nafarroako Lasto Altxatze Txapelketa jokatuko da eta hiru lehiakideak igantziarrak izanen dira: Karlos Sein, Eneko Telletxea eta Arkaitz Retegi­ igantziarrek parte hartuko dute.

Uztailaren 14an, hirugarren mailako aizkora Txapelketako kanporaketa jokatuko da. Tartean izanen dira Eneko Saralegi (Leitza-Iruñea), Julen Olano (Leitza), Joxean Etxeberria (Ziga), Migel Angel Etxeberria (Beintza-Labaien), Martin Telletxea (Ezkurra) eta Kenari Erasun (Aurtitz) eskualdeko aizkolari gazteak eta Arostegiko Oier Kañamares, Gerendiaingo Esteban Pikabea, Salinas de Oroko Angel Eraso eta Etxarri Aranazko Aritz Goñi. Bina kanaerdiko moztu beharko dituzte. Segidan, Nafarroako Gurdi Altxatze Txapelketa jokatuko da. Josetxo Urrutia eta Lazaro Bujan leitzarrekin batera, bertze lehiakideren bat ere ariko da seguruenik. Joxe Bikondoak ere erakustaldia eskainiko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun