Mitxel Aginaga narbartearra Nafarroako txapeldun izan da zazpigarren aldiz

TTIPI TTAPA 2008ko ots. 27a, 13:55
Neguko denboraldia ezin hobe doa Mitxel Aginagarentzat. Bigarren izan zen Eguesibarreko errepideko duatloi proban, bigarren Alakanteko Santa Polako mendi duatloi proban (argazkian) eta hirugarren Alme

Urriaren 16an Ororbian egindako proban taldekide batekin batera helmugaratu zen

Mitxel Aginaga kirolari narbartearrak Nafarroako mendi duatloi txapelketa zazpigarren aldiz irabazi zuen urriaren 16an Ororbian jokatutako txapelketan. Azken urteetan txapelketa hau Gartzainen jokatu baldin bazen ere, aurten Ororbian egin da, 5 kilometro lasterka, 16 kilometro mendi bizikletan eta azkeneko bi terdiak berriz ere laisterka eginez.

Berez, proba Mitxel Aginagaren taldekide batek irabazi zuen, Bodegas Borsao taldeko David Colchero aragoiarrak. Ordubete, bederatzi minutu eta 15 segundu behar izan zituen irabazleak, Mitxel Aginagaren denbora berbera. Hirugarren postua, Iturrioz taldeko Ander Elizagaraiek eskuratu zuen eta laugarren postua Bodegas Borsao taldeko Toño Garcia Morenorentzat izan zen. Guzira ehun kirolarik parte hartu zuten proban. Probaren hasieratik, Bodegas Borsao taldeko kideek erritmo bizia ezarri zuten, tropeletik ihes egiteko asmoz. Lasterkako lehendabiziko 5 kilometroak akautuxeak zirenean lortu zuten hori Mitxel Aginaga, David Colchero eta Toño Garcia taldekideek, 40 bat segunduko abantailarekin. Zirkuitoa nahiko zelaia zen, bi malda alde batera utzita, baina lohia eta buztina oinetakoetara eta gurpiletara itsasten zen eta gogorra suertatu zen. Lehendabiziko maldan, bizikletarekin ihes egin zuten Aginagak eta Colcherok. Bizikletako bi itzuliak eta lasterka egin beharreko azken bi kilometro terdi elkarrekin lasai egin zituzten, abantaila mantenduz. Azkenean, bere taldekideek egindako lana eskertzeko, proba David Colcherok irabaztea erabaki zuten eta Mitxel Aginagarentzat izan zen Nafarroako txapelketa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun