Oieregiko Kontzejuak Natur Parkea bere herrian dagoela aldarrikatu eta dagokiona eskatu du

TTIPI TTAPA 2007ko abe. 19a, 11:34

Oieregiko Kontzejuan ez daude batere ados Bertizko Natur Parkearen funtzionamenduarekin. Natur Parkea Oieregin dagoen arren, administrazioak Oieregirekiko inongo begirunerik ez duela salatu du Jose Mari Galarregi Kontzejuko lehendakariak. Hala, hainbat eskaera luzatu ditu Kontzejuaren izenean: Parkeak bisitekin jasotzen denaren %50a ematea. «1984an Parke Naturala izendatu zenetik, gastuak bertzerik ez ditugu izan». Horrez gain, turismo bulegoan banatzen diren Baztango triptikoen inguruan ere kritika egin du, Bertiz Oronoz-Mugairin dagoela islatzen dutelako, eta ez Oieregin. Erreparazeatik Balangondorako bidea Kontzejuarena dela ere aldarrikatu du, eta bide berdea bilakatzearen kontra daudela. Gida Batzordean, «boto exekutiboa eskatzen dugu, eta ez kontsultarako botoa». Alde horretatik, Gida Batzordearen azken bilera duela sei urte egin zela ere salatu du Galarregik, eta berritu beharko litzatekela. Parkean lanpostu gehiago zabaltzeko eskaera ere luzatu du, eta lanpostu hauek lehiaketara atera beharko liratekeela uste dute Oieregiko Kontzejuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun