Narbarteko karrika nagusia hetsia 6 hilabeterako

Xan Harriague 2006ko urr. 25a, 11:32

Ur zikin eta euri-uren sarea berrituko dute zola eman aitzinetik

Joan den irailaren hasieratik Narbarteko karrika nagusia hetsita dago egiten ari diren saneamendu eta zola berritzeko obrengatik. N-121-A errepidea hortik pasatzen zenean, horrelako lanak ezinezkoak ziren, baina errepide nazionala desbideratu dutela, eta trafikoa arindu dela, aukera aprobetxatu dute herriak behar zituen obren hasteko. Karrika hestea beharrezkoa denez, ibilgailu ttikientzako saihesbidea prestatu dute eta egoera honek guttienez bertze 4 hilabetez iraunen du. Telebistako eta argi indarreko kableak pasatzeko eta espaloiak egiteko aprobetxatuko dituzten obren burutzeko 8 hilabete aurreikusi zituzten, baina enpresak jakinarazi duenez 6 hilabetez egin daitezke. Obra guzien artean 900.000 euroko gastua izanen da, Nafarroako Gobernuak zola berritzearen %100a ordainduko du, gaineratikoan %70a, eta gelditzen dena erdizka eginen dute Bertizaranako Udala eta Narbarteko Herriaren artean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun