Mitxel Aginaga bigarren Santa Polako mendi duatloian

Xan Harriague 2006ko ira. 28a, 12:46

Denboraldi berrian BH Inverse taldean arituko da

Mitxel Aginaga kirolari narbartearrak azkar hasi du aurtengo mendi duatloi denboraldia. Gipuzkoako txapelketan hirugarren postua lortu zuen Ion Arozena, Euskadiko txapelduna, eta Errioxako Fernando Ricaren ondotik. Joan den igandean, irailak 24 jokatutako Herri Katalanetako Santa Polako duatloian ere ez zuen batere itxura txarra eman. Bigarren bukatu zuen Sergio Rodriguez txapeldunaren denboratik 39 segundora. Lasterka 7800m eta bizikletaz 18,7km betetzeko ordu bat 9 minutu eta 15 segundo behar izan zituen Narbarteko kirolariak.

Aurtengo denboraldian, Mitxel, BH Inverse taldean arituko da bertze 5 goi mailako taldekideekin batera, hala nola Angel Martinez, Santiago Arnes, 2005eko munduko txapelduna, Agusti Roc, 3 aldiz munduko txapelduna, Victor del Corral, Europako txapelduna eta Marco Cuesta.

Heldu den larunbatean, Nafarroako Mendi Duatloia jokatuko du Orkoienen eta ondoko igandean, urriaren 8an, Green Cupeko proba Santonian, Kantabrian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun