Piriniotar arrazako behien argazki lehiaketa antolatu dute laugarren urtez Baztanen

Fermin Barazabal, Marian Zestau, Juan Kruz Iriarte eta Patxi Aranguren, lehiaketaren aurkezpenean. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Irailaren 19an eta 20an ospatuko den behi-azienda piriniotarraren XXXIII. Lehiaketa-Enkante nazionalerako kartel eta eskuorrirako argazkiak aukeratzeko

 

‘Piriniotar behi arraza eta bere ingurua’ gaiarekin argazki lehiaketa antolatu dute laugarren urtez Baztango Udalak eta Aspina eta Conaspi erakudeek. Lehiaketaren xedea, irailaren 19an eta 20an ospatuko den Piriniotako Behi-Aziendaren XXXIII. Lehiaketa-Enkante Nazionala iragarriko duen kartel eta eskuorrirako argazkia aukeratzea da.

Ilbeltzaren 24an, ortzirale eguerdian egin dute lehiaketaren aurkezpena Baztango Balleko Etxean. Juan Kruz Iriarte udal zinegotziarekin batera, Fermin Barazabal abeltzaina, Cederna-Garalurreko Marian Zestau eta Patxi Aranguren, Aspinako idazkaria izan dira aurkezpenean.

Argazkiak aurkezteko epea ekainaren 19an (ortziralea) 14:00etan akituko da. Eskura aurkeztu daiteke Baztango Udalaren bulegoetan (CD, DVD edo pen-drive batean) edo posta elektronikoz baztan@baztan.eus helbidera igorrita (2 MB gehienez). Parte-hartzaile bakoitzak hiru argazki aurkezten ahal ditu gehienez ere, berak egindakoak eta argitaratu gabeak. Argazkiak behi piriniotarraren eremu naturalean ateratakoak izan behar dute eta soilik formatu bertikalean aurkez daitezke. Aspina elkarteko ordekari batek, bi abeltzainek, argazkigintzan aditu batek eta Baztango udal zinegotzi batek osatuko duten epaimahaiak hiru argazki onenak sarituko ditu 400, 200 eta 100 euroko sariekin. Horretaz gain, lehen saria lortzen duen argazkia kartelean  eta liburuxkaren azalean agertuko da. Bertzeak , aipatu liburuxka horretan eta behi-azienda lehiaketaren publizitaterako baliabideetan ere erabiliak izan daitezke. Sari-banaketa Piriniotar behi-azienda lehiaketaren egunean eginen dute.

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun