Larrazken Kulturala azken txanpan da dagoeneko Arizkunen

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 16a, 18:00
Ortziralean eginen dute sagar-jotzea eta larunbat eguerdian kirikoketa-jotzea, mutil-dantza herrikoiak eta txalaparta herrikoia izanen dute.

Ortzegunean sagar-dastaketa ikastaroa, ortziralean sagar-jotzea, tinkatzea eta kupeleratzea eta larunbatean kirikoketa jotzea izanen dute, besta giroan

Jo ala Jo kultur taldearen eskutik, Larrazken Kulturala ospatzen ari dira Arizkunen. Urriaren 7az geroztik goizez eta arratsaldez sagar biltzeak eta dolareko lanak egiteko auzolanean ari dira eta heldu den igandera arte egunero bilduko dira. Parte hartu nahi dutenek 670 72 09 12 telefonora deitu edo idatzi beharko dute. Bien bitartean, ortzegun ortzirale eta larunbatean ikastaroak, sagar-jotzeak, dantzak... izanen dituzte.

Ikastaroa, dastaketa, dantzak eta aunitzez gehiago

Ortzegunean, urriaren 17an, 19:00etan sagar-dastaketa ikastaroa izanen dute Gamioxarrean. Gabriel Durrutik, Eztigar Kooperatibako kideak, eskainiko duen ikastaroan Baztanen aurki daitezkeen zenbait sagar bereizten eta dastatzen ikasiko dute. Biharamunean, Lanetik musikara goiburupean, sagar-jotzea, tinkatzea eta kupeleratzea izanen dute hurbildu nahi duten guztiendako. 17:00etatik 20:00etara luzatuko da hitzordua. Larunbatean borobilduko dute besta, kirikoketa jotzearekin. Mutil-dantza herrikoiak eta txalaparta herrikoia izanen dute plazan. 12:00etan, dolareko lanak akitu ondotik, zehaztu dute zita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun