Iñaki Atxa elizondoarraren film laburra saritu dute Bilbon

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 10a, 14:50
'Hartz eta otsoekin lotan' film laburreko irudietako bat. Argazkia: Iñaki Atxa

Bilbao Mendi Film Festival-en film labur onena izendatu dute ‘Hartz eta otsoekin lotan’ eta abenduaren 15ean proiektatuko dute

Inaki Atxa elizondarrak irabazi du Bilbon antolatzen den Bilbao Mendi Film Festival jaialdiaren barnean antolatu den egile amateurrentzako 5. film labur lehiaketa. Hartz eta otsoekin lotan lanarekin lortu du saria Iñakik. Duela hilabete gutti, Iñaki Finlandian izan zen oporretan, bere pasioaz, argazkilaritzaz, gozatzen. Naturan murgildu eta animalia basatiak askatasunean ikusi eta argazki kamerarekin betikotzea gustuko du eta hala egin zuen, duela lau urte bezalaxe. 

 

Argazki anitz egin zituen, baina baita bideoak grabatu ere. Han grabaturiko irudiekin osatu du film laburra, zeinak saria ekarri dion. Atxak ezustean hartu du albistea, berri pozgarria, ezin sinetsi omen zegoen sariduna izan zela jakin zuenean. Joseba Urkiola, ETB-ko Kirol alor burua, Anartz Agirre mendiko eta muturreko kirol gaietan aditua den ETB-ko kazetaria, eta Naia Diez kazetaria eta Mendi Short koordinatzailea izan ziren epaimahaikideak, irudien kalitatea, edizioa, gidoia eta naturarekiko duen gertutasuna nabarmendu zituzten Atxaren lanean. Film laburra Bilboko BBK aretoan proiektatuko da abenduaren 15ean, larunbata, 11.30ean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun