Uholde arriskuari aurre egiteko autobabeserako uhateak probatuko dituzte azaroaren 7an Elizondon

Ttipi-Ttapa 2018ko aza. 6a, 15:42
Jaime Urrutia karrikan eragin handia izan zuten 2014ko uholdeek. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Jaime Urrutia karrikako auzokideendako formakuntza tailerra eginen dute asteazken arratsaldean 

Baztango Uholdetarako larrialdi planaren baitan uhateak jartzeko (H20 Proiektuaren barnean) Prestakuntza tailerra eginen dute azaroaren 7an, 14:30etik 16:00etara Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean. Uholdeen aurkako uhateak paratzea onartu eta horretara konprometitu diren Elizondoko Jaime Urrutiako auzokide eta merkatariek parte hartuko dute ekitaldian, betiere Lamia aplikazio inormatikoaren bidez larrialdi maila aktibatu dela jakinarazten denean.

 

Prestakuntza praktikoa eginen dute, uholdeak gertatzen direlarik autobabeserako uhateak nola paratu ikasteko eta, era berean, gehiago ikasiko dute uholdeen kudeaketa hobetzeko, eta jendearen eta komunitateen autobabesa sustatzeko moduaz, uholde arriskuei eta mehatxuei aurre egite aldera.

 

Egitaraua

Ekitaldia hasteko, 14:30ean ongietorria eginen du Joseba Otondo Baztango alkateak eta ondotik, Amets Inda Sunbillako alkateak hartuko du hitza.  14:40an, Eva Garcia Balaguer, Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko zuzendari nagusiak solastatuko du eta Luis Sanz Azkarate, GAN erakundeko uraren alorreko arduradunak H2Ogurea proiektuaren laburpena eginen du.

Ondotik etorriko da prestakuntza tailerra, uholdeak direnean uhateak paratzeko, CAG Canalizaciones-eko Jesus Irigoienek gidatua. Azalpen orokorra emanen du, uholdeen aurkako uhateen funtzionamendua eta paratzeko modua erakutsiz eta gero saio praktikoa eginen dute, auzokide eta merkatari bakoitzak uholdeen aurkako bere uhatea paratuko du leku berean eta argibideak eman eta zalantzak argituko dituzte Jaime Urrutia karrikan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun