Emozioak koloretan ikusgai daude Elizondoko Arizkunenean

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2018ko mar. 21a, 07:17
Arizkunenean 120 margolan zintzilikatu dituzten emakumeak.

Tomas Sobrinoren ikasle diren bortz emakumeren margolanak ikusgai daude 

Bortz emakume margolarik beren lanaren zati bat erakusten digute Arizkunenean, Elizondoko kultur etxean. Emociones en color/Emozioak koloretan goiburuopean, 120 margolan baino gehiago aurkeztu dituzte. Martxoaren 16tik apirilaren 8ra ikusgai daude lanak, astegunez 17:30etik 20:00etara eta besta egunetan eta Astesantuan 12:00etatik 14:00etara.

 

Lan horiek bortz sentsibilitate, eta errealitatea begiratzeko eta adierazteko bortz modu ezberdin isladatzen dituzte, espatulak eta pintzelak egindako trazaketen bidez,  akuarelak, olioa eta margo sintetikoak erabiliz.

Mary Puy Luquin, Ana G.D. Ananda, Mila Esteban, Isabel Olóndriz eta Blanca Jiménez-ek (guztiak Tomás Sobrino-ren ikasleak gaur egun) Arizkuneneako ateak ireki zituzten joan den ortziralean, martxoaren 16an, erakusketari hasiera emanez.

Erakusketa ikustera sartu baino lehen, sarrera nagusiko patiotxoan, bisitari guztiei eskaini zitzaien pikoteo eder bat, arraultzopilak, gasna, Anandak egindako erroskila goxoak, ardoak, barnekoa berotzeko eta gogoaldia girotzeko…

Baztanek eskaintzen dituen ekitaldi kultural batzuk arras erantzun pobrea dutela komentatzen da batzutan. Hala ere, Emozioak koloretan erakusketa zabaldu zenean, erantzun hori arras  positiboa izan zen; senide, lagun eta ezagun aunitz elkartu ziren kultur etxean, beraien presentziarekin eta laguntzarekin bortz margolariak animatu eta bultzatuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun