Bake epaitegia Elizondoko plazan kokatzeko aukera galdu dela dio Baztango Geroa Baik

Ttipi-Ttapa 2017ko mar. 15a, 07:01

Baztango Udal aurrekontuetan abstentziora jo izana azaldu du

Baztango Geroa Bairen ustez Udaleko gobernu taldeak, EH Bildu eta Baztango Ezkerrak osatua, bake epaitegiak Elizondoko plazan kokatzeko aukera galdu du, plaza horretan udalak duen eraikinean lanak bukatzeko eta zerbitzu ezberdinak eman ahal izateko 180.000 euroko mailegu bat eskatzen zuen Geroa Bairen zuzenketa bat udal aurrekontuetan onartu gabe geratu ondoren.

Horregatik, Baztango Geroa Baik abstentziora jo du Baztango Udaleko 2017ko aurrekontuen onarpenean, «garrantzi handikoa» baiteritzo lanekin bukatzea eta udal eraikin hau martxan jartzea, «baztandarren zerbitzu publikoak hobetzen dituen erabilera anitzetarako proiektatu zena», hala nola eraikin honetan bake epaitegia kokatzea, turismo bulego bat, erabilera anitzeko areto bat ospakizun zibilak egiteko, Kirol eta Kultura udal zerbitzuen birkokapena, kanpo zerbitzuetarako espazioak, hala nola Iratxe Kontsumitzaileen Elkarteak bizilagunei ematen diena, edota pertsona desgaituentzako irisgarriak diren komuna publikoak.

«Enparantzako udal eraikinak 6 urte daramatza inolako inbertsiorik jaso gabe eta egoera utzia eta abandonatua du gaur egun, haraneko irudiari duintasun gutxi emanez. 180.000 euroko mailegua hamar urtetan ordaindu daiteke, urteko 20.000 euroko amortizazioarekin, aurrekontuetan bere eragina oso txikia izanik. Baina bere likidazioa era bizkorragoan egiteko aukera dago ere altxortegi-soberakinekin, Nafarroako Gobernuko erabilera libreko partidekin, bai eta Departamentu ezberdinetako diru-laguntzekin», baloratu du Baztango Geroa Baik.

Geroa Baiko udal taldeak «Udalbatzaren erabakia errespetatzen du bai eta udal talde ezberdinek dituzten lehentasunak», baina ziurtatu duenez ezin ditu ulertu Baztango Ezkerrako zinegotziak Uxue Barkos Gobernuko Lehendakariaren aurka botatako kritikak, harana hobetzeko ezer ez egiteaz salatu baitu. «Bere taldeak egungo Nafarroako Gobernua sostengatzen du. Aldi berean Gobernuan eta oposizioan egotea oso erosoa da, beti asmatzen baita horrela», ziurtatu du Baztango Geroa Baik.

Azkenik, udal taldeak kritikatu du Baztango Ezkerrak zuzenketa honi aurkako botoa emateko bere azalpenean «eskola eta bideetan lehentasunak aipatzea», bi hurrenez hurreneko jardueretan «Mugairi eta Elizondoko plazak konpontzea lehenetsi baitute Arizkuneko eskola baino lehen, bai eta Baztango Geroa Baik aurkeztutako mozioaren aurka bozkatu, Gobernuak Lekarozen Lanbide Heziketarako zentro bat kokatzeko aukera ikertzeko eskatuz».

«Gainera, bi urtetan zehar bideak ez dira garbitu, eta argudio hori erabili da Udalak sasi-garbiketarako traktore bat 60.000 eurotan erosteko», gaineratu du Baztango Geroa Baik, azalduz traktore hau beharrezkoa dela,  nahiz eta bere erosketaren aurka agertu, inolako planifikaziorik gabe egin zelako. «Gaur frogatu da traktorea erosteak planifikazioa eskatzen zuela, bost hilabete bait daramatza geldirik eta ez da herrietan bere erabilerarako inolako planik definitu, Udalak ez baitu traktore gidaririk», akitu du udal taldeak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun