Baztango udalak 7.382.531 euroko aurrekontua onartu du

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko mar. 14a, 07:20
Baztango udal korporazioko kideak, 2015ean karguak hartu zituztenean.

EH Bildu eta Ezkerrarekin batera, Auzolanean-eko zinegotziak alde bozkatu zuen Geroa Baik abstentziora jo zuen eta UPNk kontra bozkatu zuen 

Martxoaren 10ean egin zen ez ohiko osoko bilkuran Baztango Udalak 2017ko aurrekontuak  onartu zituen, EH Bildu (4), Ezkerra (2) eta Auzolaneanen (1) aldeko bozkekin . Geroa Baik (2) abstentziorat jo zuen eta UPNk (4) kontra bozkatu zuen. Aurrekontua 7.382. 531 euroko izanen da.

 

 

Aurtengo aurrekontuei buruz gastu arruntaren atalean herrietako eskoletako garbitzaileen plegu berria hornitzeko izan den 47.000 euroko hazkundea aipagarria da. Hazkunde horrekin sektoreko hitzarmena bermatuko da. Bertzalde arkitektu tekniko berriaren kontratazioak 35.400 euroko igoera ekarriko du. Kontu bat eta bertze gastu arrunta osotasunean %0,38 igan da. Urtez urte ikusi ahal izan denez, eta 2016 ere horren erakusgarria da, udaleko gastu arruntaren egiturak Baztango beharrak neurri handian asetzeko balio du. Alde batetik azpiegitura publikoaren mantenimendua: herrietako eskolak, mediku kontsultategiak, bideak, kirol instalakuntzak, argiteria, garbiketa… Bertzetik, ongizate gizarte aitzinatu bati dagozkion eskubideak eta zerbitzuak: gizarte zerbitzuak, berdintasuna, euskara, kultura… Eta, gainerakoan, sustapen arlo desberdinak: turismoa, azokak, eta gisakoak.

Betiere, aurtengoan sarreretan jaitsiera izan da, hirigintzari lotutako sarrerak %1,55 jaitsi baitira. Jaitsiera hau koiunturala edo egiturazkoa ote den ikusi beharra dago, horren arabera, aurrekontuen egituran egin beharreko moldaketak desberdinak izanen baitira.

Gauzak horrela, inbertsioei buruz aurten 339.653 euroko inbertsioak eginen ditu udalak. Horien artean aipagarrienak Baztan Marka 36.300 euro (%70 diruz lagundua), Arizkungo eskolako lehorra 30.000 euro, mendiko lanak 154.500 euro (%50 diruz lagundua), Agozpeko zentralaren ubidearen konponketa 16.000 euro, bideen hormigoiztatze eta breaztatzea 34.100 euro…

Bertzalde, zorrari buruz, zorraren amortizaziorat 650.000 euro bideratuko da. Aurtengo aurrekontuetan zorra diru-sarrera arrunt guztien %74koa izanen da, iaz %80koa zen. Ikusten denez, urtetik urtera oinordetzan hartutako zor handia ttipitzen ari da. Eta, gaur egun, legeak emandako %110eko gehienezko mugaren azpitik dago. 2010ean %135ekoa zen. Udalak zorra ttipitzen segitu nahi du, baina behar delarik, ongi justifikatutako inbersioak egiteko maileguak ere eskatuz. Gaur egun zor bizia 5.368.965 eurokoa da. 

Azkenik, diruzaintzako-gerakina edo erremanentea 1.100.000 eurokoa da. 2016ko kontuak hesterakoan horren zati bat bertze inbertsioak egiteko erabiltzen ahalko da. Nolanahi ere, gobernuko taldeak diruzaintzako-gerakina eta maileguak eskatzeko ahalmena Nafarroako Gobernurat aurkeztutako Toki Inbertsio Plana finantziatzeko erabili nahi luke. Deialdi horretarat 5.000.000 euroko inbertsio programa aurkeztu du (herrietako saneamenduak, bideak…).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun