Urrutia, Maia eta Iñarrea nagusitu dira XVII. paxaka txapelketan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko ots. 20a, 11:01
Paxaka txapelketako finalistak eta hirugarren posturako lehia jokatu zuten hirukoteak, sari banaketaren ondotik.

Final gogorrean markagailuari buelta eman eta 9-8 irabazi zieten Barberena, Legarrea eta Salabururi

Baztan-Errekako paxaka txapelketaren hamazazpigarren edizioko finala otsailaren 18an jokatu zuten Iruritako Aranabia pilotalekuan. Aitzinetik, hirugarren posturako lehia ere jokatu zuten eta partiden eta sari banaketen ondotik, afaria izan zuten giro ederrean Antxitonea trinketean.

 

Finala aski gogorra eta orekatua izan zen. Iruritako Xabi Barberena eta Joxe Mari Salaburu eta Elizondoko Mattin Legarrea ongi sartu ziren jokoan eta bi lehenbiziko jokoak egin zituzten (0-2). Iruritako Oskar Urrutia eta Miguel Angel Iñarrea eta Elizondoko Juan Mari Maiak ere lortu zuten lehenbizikoa (1-2). Ondotik, partida orekatua joan zen (1-3, 2-3, 2-4 eta launa eta bosna berdindu zuten). Baina hurrengo hiru jokoak segidan egin zituzten Barberenak, Legarreak eta Salaburuk (5-8). Joko baten faltan, bazirudien txapela jantziko zutela, baina aunitzetan gertatu ohi den bezala, ez zuten partida ixten asmatu eta arerioen susperraldia etorri zen. Urrutiak, Maiak eta Iñarreak azken lau jokoak segidan egitea lortu zuten eta markagailua irauliz, txapela janztea lortu zuten (9-8)

Hirugarren postuaren bila jokatutako partida ere berdindua izan zen. Azkenean, Erratzuko Manu Irigoien eta Kaiet Itoiz eta Iruritako Guillermo Etxenikek 9-7 irabazi zieten Erratzuko Miguel Etxandi eta Garikoitz Antxorena eta Iruritako Gorka Urtasun-i (0-1, 3-1, 3-2, 5-2, 5-3, 7-3, 7-7, 9-7).

Bi partiden ondotik, txapelak eta sariak banatu zituzten Miguel Etxandi Erratzuko alkateak eta Laxoa Elkarteko kidea den Joseba Urtasunek. Afaria ere giro ederrean egin zuten Antxitonea trinketean.

Erlazionatuak

Paxaka txapelketaren finalak

Ttipi-Ttapa 2017 ots 20 Baztan   Irurita

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun